Ene, zenbat kilometro egin ditugun amaren kotxe zaharrak eta biok! Gehienetan autobian karaoke inprobisatuak egiten, askotan trafiko gutxiko errepidetan paisaiari begira, batzuetan mendateetan galduta eta zenbaitetan ardi-bideetan barrena Google Mapsi esker. Edonola ere, baserririk galduenera ere onik iritsi nintzen eta oraingoz behintzat, kotxea osorik dago.
Atea ireki eta elkarrizketarako traste guztiekin atarian ikusten nindutenean aurpegia aldatzen zitzaion bati baino gehiagori. Kamerak eta mikrofonoak prestatutakoan galdetegiarekin hasten nintzen helburu nagusi batekin: duela hamarkada batzuk bizimodua nolakoa zen biltzea. Horregatik, elkarrizketatu gehienak 80 urtetik gorakoak ziren, bizitzearen esperientzia baita elkarrizketa horien gakoa.
«Kamerak eta mikrofonoak prestatutakoan galdetegiarekin hasten nintzen helburu nagusi batekin: duela hamarkada batzuk bizimodua nolakoa zen biltzea»
Ahots desberdinetan kontatu zizkidaten baserriaren izana eta ezina, bizimodu horren pozak eta miseriak, dena aprobetxatzea eta eskasia, herriko gorabeherak eta trapu zikinak, garai harekiko nostalgia eta gogoratu nahi eza. «Garai hartan beste modu batera egiten genituen gauzak, ez orain bezala…» motako esaldiak dozenaka entzun nituen. Urrun gelditu dira beheko-sua, lixiba egitea, txerri-hiltzeak, auzolana, etxean jaio eta hiltzea, eta bizi bitartean arrosarioa errezatzea. Belaunaldi zaharrenen bizi-baldintzak urrun daude oraingo egunerokotik, baina ez pentsa oso atzera noanik. Gutako askoren guraso edo aitona-amonen belaunaldira begiratu besterik ez dago bizimoduak eman duen goitik beherako aldaketa nabaritzeko.
Elkarrizketatu dudan inork ez zuen pentsatu haurtzaroan ezagututako munduak zahartzaroko errealitatearen tankerarik izango ez zuenik. Halakoetan pentsatzen dut zer gertatuko den hemendik hamarkada batzuetara paperak aldatu eta ni elkarrizketatzen banaute. Zer mundutan biziko gara ordurako? Batek daki zer kontatuko duen Maddi xaharrak! Ziurrenik ile urdina txirikorda luze batean bilduta izango du eta munduaz kokoteraino eginda mendian galduta katuen konpainian biziko da. Entzutekoak izango dira istorio horiek…