Badakigu inauteriek egunerokotasuna hankaz gora jartzen dutela eta normalean argi dauden marrak desagertzen direla egun batzuetan. Izan ere, jana, edana, parranda eta libertinajea nagusi diren festan ohikotasunean pentsaezinak diren jarrerak onartzen ditugu. Jakina da herri xehearen gehiegikeriak hazkura sortzen dutela zirkulu boteretsuetan, horregatik, karnabalen xarma berezia desagerrarazteko saiakera asko egin ziren XX. mendean zehar.
Kolpe latzena 1937. urtean jaso zuten Espainiako Estatuan inauteriak debekatu zituenean. Herri askotan modu apalagoan edo ezkutuan inauteriak ospatzen jarraitu zuten gerraostean ere, baina kasu gehienetan 1950eko hamarkadaren bueltan desagertu ziren karnabalak Gipuzkoako herri ia guztietan, salbuespen argi batekin. Tolosa izan zen Gipuzkoa mailan inauteriak ospatzen jarraitu zuen bakarra, hasieran modu ez-ofizialean antolatu zituzten eta ondoren izena aldatu zieten, 1943-1965 urte bitartean Fiestas de Primavera deitu baitzitzaien. Jarraipena izan zuten inauteri bakarrenetakoak izan zirenez, sona handia hartu zuten Euskal Herri mailan.
«Tolosa izan zen Gipuzkoa mailan inauteriak ospatzen jarraitu zuen bakarra, hasieran modu ez-ofizialean antolatu zituzten eta ondoren izena aldatu zieten, 1943-1965 urte bitartean 'Fiestas de Primavera' deitu baitzitzaien»
Tolosako inauterien zurrunbiloan hazi garen gazte askok ez dakigu halakorik gertatu zenik eta garai ilun horiek ezagutu zituzten askok jada ahaztu dituzte istorio zaharrak. Horregatik, alde guztietatik estutzen gaituzten honetan, zer pentsa ematen dit konturatzeak debekuen guraizeek lan fin bezain isila egiten dutela eta, klix-klax, ia jabetu gabe bizitzaren hostoak, adarrak eta azkenean muina moztu dezaketela. Historia ezagutzen ez dutenak errepikatzera kondenatuta omen daude, beraz, egun hauetan mozorrotuta dantzan zabiltzala gogoan izan behinola inauteriak debekatzera iritsi zirela.
Orain jeiki jeiki artikulu ilun hau irakurri duzun aulkitik eta gozatu festaz, urte osoa baitaukagu buruari bueltak emateko!