Gorabeherak eta gaindosiak

Sanjoanetan lagun batek nire zutabea serioegia zela esan zidan eta zer pentsatua eman zidan horrek. Beraz, gauzak lasaiago hartzeko konpromisoa hartu nuen neure buruarekin. Asmo eta borondate onak, ordea, uste baino gutxiago iraun zidan.

Tenperaturak gora eta gora egiten zuen, «Aurtengoa zuen bizitzako udarik hotzena izango da» bezalako titularrak irakurtzen hasi nintzen. «Horrela jarraituz gero aire-girotuko aparatua erosi beharko dugu, katua urtuko zaigu bestela», esan zuen aitak. «Merkea aterako zaigu», esan nion; baina gure Ximun balkoian etzanda likido bihurtzen ari zela ikusita, «bai aita, ezin dugu katua horrela sufritzen eduki», onartu behar izan nuen.

Tenperaturarena nahikoa ez eta gasaren prezioa ere gora. «Gasaren prezioak horrela jarraitzen badu neguan berogailua kontu handiarekin piztu beharko dugu sustorik ez izateko», esan zuen amak; hotza izanez gero etxean batetik bestera korrika ibili beharko dugu berotzeko». «Ene, eta orain hau ere bai», egin nuen hasperen; «noski ama, 10 metroko lasterketa antolatuko dugu etxekoen artean», bururatu zitzaidan.

Halere, denak ez zuen gora egin, adibidez, erreka eta urtegietako urek behera egin zuten. Gosearen harri delakoak ere agertu ziren, «ikusten banauzu, negar egin ezazu» bezalako esaldi ederrekin. «Gureak egin du!», pentsatu nuen. Ura faltan eta suteak edonon. «Sua belaunetik gora eta ura belaunetik behera, ez dut uste atsotitza horrela zenik ba», hasi nintzen hausnarrean.

 

«Munduak dozena bat aldiz bukatu behar zuen honezkero, baina hemen gaude apokalipsi osteko gizarte honetan eta denak 'antzeko-parecido' jarraitzen duela iruditzen zait. Dena aldatu arren gauzek berdin jarraitzen dutenaren sentsazioa daukat»



Gorabeherak nahikoa ez balira, ezker-eskuin begiratuta panorama ez da samurtzen, zerrendatu ezin diren milaka arazo daude etxetik gertu zein urrun. Edonola ere, bizitza aurrera doa. Munduak dozena bat aldiz bukatu behar zuen honezkero, baina hemen gaude apokalipsi osteko gizarte honetan eta denak antzeko-parecido jarraitzen duela iruditzen zait. Dena aldatu arren gauzek berdin jarraitzen dutenaren sentsazioa daukat.

Egoera honetan bi ondorio bururatzen zaizkit. Bata, gauzak lasaiago hartzen ikasi dut eta berri ona emateko lagunari deitu beharko diodala. Zoritxarrez halakorik gertatu ez denez, hona bigarrena: mundu santu honetan gertatzen ari den guztia barneratzea ezinezkoa dela eta hondamendien gaindosiak anestesiatzen gaituela, digeritu ezinezko betekadak lokartzen duen moduan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!