Labirintoak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2025eko irailaren 27a

Milioika salerosketa egiten dira egunero. Globalizazioak ere ekarri du salerosketak maizago egitea. Inkontzienteago ere agian. Milioika modu daude horretarako: partikularren artean; erabilera pertsonalerako. Edota, enpresari edo merkatarien artean, irabazi asmoz. Hainbat ordainketa modu daude, aurrez aurrekoa, urrutikoa —telefonoz zein katalogoz—, edo online. Jakin ere ez dakigu zenbateraino salerosten dugun.

Baina niri orain beste salerosketa batek kezkatzen nau: beldurraren salerosketak. Zenbateraino neurtzen dugu, edo jabe gara besteoi transmititzen edo helarazten dizkiguten beldurrez? Eta gugan pisua hartzen dutenez? Lagun baten zain nago. Oinarria burdinez, eta eserlekua egurrez estalitako banku batean eseri naiz haritzaren hostoek gerizpea ematen didaten bitartean. Eta badirudi, tarte batez itxarotea tokatzen zaidala. Bospasei urte dituen haur batengana joan zait begirada. Bi gurpildun bizikletarekin dabil oinak lurrean arrastaka dituela, hara eta hona. Lehenengo, lurrean aurkitzen dituen hostoak zapalduz —ginkana eder bat sortu du, eta hostoak kraskatzeaz gozatzen ari da labirinto formako segidak sortuz—, ondoren, abiadura pixka bat hartu eta hanka sendoekin bat-batean frenatuz dabil jolasean. Harro. Harrigarria egiten zait amonaren hitz jarioari nola egiten dion ez entzunarena: «Ez zaitez hain azkar ibili, galtzak urratuko dituzu, kontuz aulkiaren ertzarekin, deskuiduan kolpe ematen badiozu danbateko ederra hartuko duzu! Gero ez etorri niregana min hartu duzula esanez, ados? Begiratu mesedez, aulkian neska bat dago eserita». Eta azken esaldi honekin niri begira geratu da amona. Irribarre ahul zein lotsati batekin konplizitate bila.

Amonaren laguna nirea baino lehenago iritsi da, banekien denbora tarte bat geratzen zitzaidala. Eta haurrak bere horretan jarraitzen du. Amonak orain lagunarekin dihardu berriketan. Beno, bera hizketan eta laguna isilik, lehen biloba bezala. Bilobari saldutako beldurren berri ematen ari zaio lagunari. Eta honela dio: «...Ikusten duzu nola dabilen. Nola egongo da ba prest mundu honetarako ez badiogu munduan zer dagoen erakusten. Beldurgarri dago, udako suteek Eivissako lursailaren tamaina erre omen dute, eta Gazako albisteek oilo-ipurdia jartzen didate, auskalo oraindik ere guda noraino iritsiko ote den!». Nire laguna iritsi da, gogoz besarkatu dut.

«Kontua da ez dugula beldurrik behar alferrikako arriskurik sentitzeko. Beldurrak gerta daitekeen zerbaitetan jartzen du fokua»

Eta arratsaldeko azenario tarta eta kafe artean laguna eta ni gogoeta hauetan gabiltza: kontua da ez dugula beldurrik behar alferrikako arriskurik sentitzeko. Beldurrak gerta daitekeen zerbaitetan jartzen du fokua, sekula ez da orainean gertatzen den zerbaitez ari. Iraganeko patroiek edo etorkizunean gerta litekeenak kezkatzen gaituela. Eta inteligentea, oso inteligentea izateak, edo ikasketaz beteta egoteak ez dizu garuneko garapena eta kontzientzia parean egotera ziurtatzen. Pertenentziek, adinak, bizilekuak, ideologiak, generoak edota curriculumak bere horretan ez baitute norbanakoaren askatasuna definitzen.

Ez gaitezen beldurraren salerosketa labirintikoetan galdu. Bizikletaren abiaduraren tamaina, haurraren hanken indarraren parekoa baita!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!