Zeru-urdin kolorekoa

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2024ko urr. 7a, 07:57

Altzariak zaharberritzea zen gehien maite zuena Jokinek. Merkatu birtualetan altzariak erosi eta etxean zuen tailerrean orduak pasatzen zituen altzari zahar pisutsuak garbitu, eta nahi adina prozesu pasa ondoren bere gustuko kolore eta heldulekuak jartzen.

Denetarik zuen bertan, baina; zabalera, altuera zein egur mota ezberdinetako aulki eta mesanotxeak ziren bere bizio nagusia. Osatu ondoren, familiakoei oparitu, edo iparraldeko azoketan saltzen zituen. Azkena, hori koloredun aulkia izan zen. Berezia zen Jokinentzat. Izan ere, Kubako eztei bidaian egon zireneko banana hori-horien kolorea zein zaporea gogora ekartzen baitzion. Eta amaitzean, betaurrekoak gora eta behera mugitzen zituen sudurrean laztanduz lortutakoaren harrotasunaren erantzule.

 

«Denetarik zuen bertan, baina, zabalera, altuera zein egur mota ezberdinetako aulki eta mesanotxeak ziren bere bizio nagusia»

 

Ainhoari ordea, bizitzak barrura begiratzeko eskatu zion duela ia urtebete. Eta garai hartan paper batean idatzitakoak irakurtzera ausartu da gaurkoan:

«Agurtu zintudanetik papera eta arkatza hartu, eta zerbait idazteko gogoz ibili natzaizu. Zure absentziatik, hitzak eztarrian trabatuta geratzen baitzaizkit. Eta eztarriko korapiloa askatzeko arkatz hizkiak idazten hasi naiz, bata bestaren jarraian hitzen bat osatu nahian.

Ara Jokin, gure alaben kafetegiak hilabete gutxi baditu ere, kafea hartzera joaten naizen oro aulki huts bat ikusten dut oraindik. Eta nola ez dut ikusiko ba hutsa, tailerrean bata bestearen gainean pilatu zenituenek ematen baitie gure alaben kafetegiari kolorea. Gogoratzen duzu? Parisen erosi zenuen eta hain gogoko zenuen zeru-urdin kolorekoan esertzen naiz beti ni. Eta alboan dagoen banana koloreko horretan espero zintuzket zu.

Alabek esango dute, sarritan ia hitzik egin gabe kafea hartu eta burumakur bueltatzen naizela berriz etxera. Zure aulkiei esker, alaben txokoari kolore apur bat ikusteko aukera ematen diot neure buruari. Bestela, bizitza gris honetan erromako zubia noiz atera esperoan bainabil ni oraindik…».

Ze harro nagoen ni, dio amak, eta ze harro legokeen gure aita esanez jaitsi dute kafetegiko pertsiana bi alaba eta amek. Lana amaitu, eta barre algaraka Alde Zaharrera ardo kopa bat hartzera pasioan doazen bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!