Limoiondo bat

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2024ko maiatzaren 18a

Udaberrian txoriek maizago kantatzen dute. Udaberrian, hesola gainean dagoen amilotx urdinak benetan luma dirdiratsuak ageri ditu. Udaberrian, urtero moduan tulipanak elkar agurtzera irteten dira. Udaberrian, arratsaldeetako eguzkiaren ordu goxoak, etxera bueltatzeko presa guztiak arintzen dizkigu.

Eta udaberrian, hain gogoko dudan udaberrian, egurrezko bowl batean askotariko fruta eta jogurtaz beteriko gosaria dastatzea bereziki gustatzen zait. Limoi erdi baten zukuaren zapore garratzak fruten gozotasunari udaberriaren bixitasuna ematen diolarik.

Badaki nonbaitetik zerbait. Eta ez diot nik ezer esan. Badaki agian goizeroko fruta artean limoia zukutzen dudala, edo eztarriko mina dudanean infusioa jengibrea eta eztiarekin hartzen dudala. Zeren, gaurkoan egurrezko limoi kaxa batekin etorri zait. Eta nik kaxa eskuetan hartzen nuen bitartean nire izebaren etxean dagoen hiru metroko limoiondoa oso-osorik eskuetan nuela sentitu naiz. Bere adar, sustrai eta sustraiek erantsita duten lurraren pisua nire eskuekin eusten nuelarik. Ez dakit zerk pisatzen duen gehiago, hogei bat limoik eta egurrezko kaxaren pisuak, ala, hainbeste tematu den zita horri hirugarren aldiz ezezkoa emateak.

 

«Gaurkoan egurrezko limoi kaxa batekin etorri zait. Eta nik kaxa eskuetan hartzen nuen bitartean nire izebaren etxean dagoen hiru metroko limoiondoa oso-osorik eskuetan nuela sentitu naiz»



Izan ere, udaberriak gorputzak dantzan eta hitzen bat zalantzan jartzen badizkigu ere, ez dadila gogoz kontrako kafe baten aitzakia izan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!