Haur askok eta askok inozentzia galtzeko garai goiztiarregiak bizitzen dituztela pentsatzen nuen, eta bart berrietan Gaza hirian ebakuatutako 31 haur jaioberriren irudiak etortzen zitzaizkidan burura. Argi galeragatik inkubagailua etenda, eta esne hautsa nahasteko erabilitako ura kutsatuta zegoela biziraun zutela zioen berriak. Egun gutxitan Egiptora emango dituztela esanez amaitzen zen albistea. Akaso esaldi horrek ikusleren bat lasaituko ote duen esperoan. Inpotentziak gain hartzen dit horrelakoetan, eta boterea sugeak bezalakoa dela pentsatzen dut, krudeltasun handiagoz erasotzen baitie oinutsik doazenei. Errugabeei.
Eta hara, tarteka guztiok haur izan ginela ahazten bazaigu ere, horrelakoetan bihotza samurtzen zaigunaren sentsazioa daukat. Eta barruan dugun haur horri zauri bat egin baliote modura sentitzen dugu. Eta haurra zikoinak esku oihal artean mokotik zintzilik mundura ekartzen zuela zioen istorioaren fantasian murgildu naiz, haurtzaroa magiaz beteriko garaia dela oroitarazteko unea iruditu zaidalarik. Eta garai horri begirune handiagoz so egin beharko geniokeela pentsatzen dut: beraiek baitira presak alde batera utzi eta momentukoaz gozatzen dakitenak. Maitasuna beste ezeren truke ematen dutenak. Gure maisu bihurtzen direnak, eta euren bizitzaren ibilbidean, noraezean baino, norabidean ibiltzen ikasten ari direnak.
Baina bat-batean, sofan lo hartu eta leku berean esnatzen zara. Edo, mendira joan eta lokatzezko putzu erraldoi bat oztopo bat iruditzen zaizu, edo akuarela egiteko zikintzearen beldurrez mantala janzten duzu. Eta memento horretan, noizbait zure aitak egongelara beso artean eramaten zintuela, mendiko putzuetan leporaino zipriztintzen zinela, edo eskuak garbitzeko arropa eta iturria txandakatzea maite zenuela gogoratzen duzu. Eta momentu horretan, txikienen begitxoek ez dutela iraganik ez etorkizunik jabetzen zara, inozentzia eta ilusioz beteta dagoen oraina baizik.
«Horregatik, haurtzaroa txaketa lodiz babestu behar da. Aurrerantzean hotzik pasa ez dezan»
Horregatik, haurtzaroa txaketa lodiz babestu behar da. Aurrerantzean hotzik pasa ez dezan.