Kometak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2023ko ira. 10a, 07:58

Udako bidaiek badituzte momentu goxoak, betirako bertan geratuko zinela sentitzera zaramatzatenak. Dragoi itxurako kometa batek, eta zerua estaltzen duten beste hainbatek, zure haurtzaroko momentu kuttunak oroitarazten dizkizutenak.

Konpainia ezin hobean, ilunabarrik ederrenetan, ederrena ikusi duzula sentiarazten dizutenak, edota oporretan zaudenaren harrokeria punttu horrekin edozein astakeri esatera ausartzen zarenak.

Baina badira, normalizatzera eraman nahi eta ezinezkoak egiten zaizkidan beste hainbat momentu eta leku ere. Nire aitonak buru gainean erabiltzen zuen txapela ederra zen, arraroa zen bera hori gabe ikustea. Ttak, beti buru gainean ongi ipinita. Baina, ez naiz sekula kutsaduraren txapelera oroitzen. Eguzki izpiak nolabait sumatu daitezke, ilargia ezin jakin zer distantziatan dagoen eta izarrak eta tartekako izar uxoren bat ez dira lurzoru hauetako paisaiaren antzezleku. Eta Drexler abeslariaren kantuak dioen moduan glaziarrak agurtzeko beldurra sumatu dut bat-batean: «Encontremos la manera de despedir a los glaciares… (bis)». Kantua burutik kendu nahi eta ezinean. Nire aitonak ez zuen sekula hormigoia bota nahi izan bere etxeko atarian, baina hemen simetriarik gabeko zatitan egindako hormigoi puska eta txapela artean nabil oinez, trafikoari eta kearen ihes-hodiari begiratu eta musukoari beste berrogeialdi bat eman beharko ote diodan pentsatuaz. Nire aitonak ez zuen sekula motorik gidatu, hanka arinak zituen eta zama garraiatu behar zuenerako, astoa bihurtzen zen bere bidelagun.

Eta bien bitartean, Euskal Herrian ikasturtea hastera doan honetan, nire aitonaren garaiko erabakiak hartu nahi eta ezinean dabil lau umeren ama, hiriko zalapartatik zertxobait urruntzen den plaza perpendikular batean eserita. Eta bi hatzekin begiak zanpatzen dituen bitartean horrela dio ahopeka: «Ez dakit zaharrena den Norak lagunduko ote lidakeen soroan, eta gero nork salduko lukeen han jasotako produktua, eta zer bik joan beharko luketen eskolara...». Eta ezin erabaki dabil.

«Distantzia berberera dauden tamaina eta kalitate bereko bi fardoen artean erabakitzeko ezintasunagatik gosez hil zen astoa»



Eta aitonak txikia zenean kontatu zion Buridan astoaren dilema artean sentitu da ama, bat-batean. Zeren, distantzia berberera dauden tamaina eta kalitate bereko bi fardoren artean erabakitzeko ezintasunagatik gosez hil zen astoa. Eta asto sentitu da ama, eta duintasun apur bat atera eta Ramari eskolan hasiko dela esan dio amak. Beste hirurak amari begira astoaren pareko aurpegia jarri duten bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!