Soinekoaren aukeraketan orrazkeran baino denbora gehixeago igaro nuen, berezia zen zerbait nahi nuen nahitaez, eta nahikotxo kosta zitzaidan tela horien artean eroso egoten.
Atzera begiratu, eta ezkon eguneko goizeko zortziak eta ile apaindegian nagoela pentsatzeak zirrara puntu bat sorrarazten dit. Urrun bezain gertu ikusten ditut ezkontzeko erabaki genuen data, gonbidatuen zerrenda, eta ezkontzeko lekua. Eta pixkanaka joan gara aurrekontua ixten: argazkilaria, janaria, musikariak, bodarako apaingarriak eta abar luze baten lista amaigabea taxutuaz. Kontatzen nion gertukoen sentitzen dudan ile apaintzaileari nire urduritasunak atzean uzteko asmoz.
Momentu horretan, orrazkera ezberdinez beteriko orri sortadun aldizkari bat gerturatu dit, eta bat-batean zilarrezko ezteietan eramango nukeen orrazkera estilorik bazegoela iruditu zait. Gustuko baitut neure burua eder ikustea, eta baita horrelako egun berezi batean protagonista izatea ere, ze arraio! Hau guztia neure buruari «urrezkoak urruti xamar daude eta», esaten nion bitartean.
Ile apaindegira nire izebaren sarrerarekin batera, aldizkarian iragarki moduan ageri zen orri batekin egin dut topo. «¡No quiero! Contra el matrimonio infantil temprano y forzado», zioen hamar urte inguruko neskatxa baten aurpegiak. Nork daki bere istorioa edo beste ehunka haurrena ordezkatzen ote duen, baina, bere begirada zurbilak bat-batean barrenak mugitu dizkidala ziurtatzen dizut. Izebari kasu egitea ere ahaztu egin zait eta. Gogoan dut 18 urtez azpiko ezkontza giza eskubideen bortxaketa bat baino ez dela, eta baita hainbat legek debekatzen badute ere, mundu mailan oso zabaldua dagoen praktika dela, eta adin horretatik behera haurdun geratzen diren emakumeak, etxean biolentzia jasateko aukerak areagotzen zaizkiela eta, eskolara joaten jarraitzeko aukerak murrizten zaizkiela…
«Gogoan dut 18 urtez azpiko ezkontza giza eskubideen bortxaketa bat baino ez dela, eta baita hainbat legek debekatzen badute ere, mundu mailan oso zabaldua dagoen praktika dela»
Eta derrigortutako ezkontza hauen txanponaren beste aurpegian, aukeratu ez duzun herrialde batean jaio, eta sexu bereko pertsona batekin ezkondu nahi eta ezinagatik presondegian amaitzeko aukera dutenena. Orain urtebete arte mexikarrena, eta oraindik ere erabateko berdintasunerako izugarri falta denena. Askorena. Gehiegirena.
Aldizkaria itxi, eta buruko loreak galtzeko, edota tela zuri artean deseroso egoteko beldurra erabat desagertu zait. Ainhoa nire lagun-minaren um blem ble, irrintzi eta algara artean tarteka aldizkariko begi orlegiez oroituko naizela zin degizut. Berea, edota berea bezalakoen bidegabekeriak amaitu daitezen eskatuz.