Hara, kafea kontrako eztarritik sartzen zait horrelakoetan. Eta hori, ez zela nigana zuzentzen ari hizketan ari zitzaion eta adina bikoizten dion gizona patxadaz kafea hartzen zuen emakumeari: lehen, ugalkortasuna omen garrantzitsuena. Gaur egun berriz, lan arloan postu egoki bat izateak lehentasuna daukala dio, baina gazte batzuei ahantzi egiten zaigula amatasunerako momentu ona joaten ari zaigula. Pluralean badaezpada, to hordagoa.
Ez da kasualitatea hamarkada berri bat hastera goazenok amatasunarekiko dugun kezka. Gizon hark zioen aurkara, ez zaigu ezer ahazten, agian lehenengoz ari gara emakumeak nahi duguna eta nahi ez dugunaren artean erabakitzen. Ama izan ahal dugun, nahi dugun, eta momentu egokian gauden ala ezezko ezbaia sortzen… planteatzen, dudan jartzen, baieztatzen, ezeztatzen, erabakitzen, bizitzen.
«Baina, inork iritzia galdetu gabe emandako diskurtsoa arriskutsuegia da garai hauetan. Eta badirudi, ama izatea, aita izatearen parekoa dela oraindik batzuentzat»
Baina, inork iritzia galdetu gabe emandako diskurtsoa arriskutsuegia da garai hauetan. Eta badirudi, ama izatea, aita izatearen parekoa dela oraindik batzuentzat.
Tira, egin dezala emakume bakoitzak nahi eta sentitzen duena, lehenesten duena, momentu horretan behar duena. Ondoren haurrarentzat askotan besoak soberan egoten baitira, amarentzat faltan dauden bitartean.
Bakar batzuk betaurrekoak atzekoz aurrera jantzita dabiltza, beste batzuk goizeroko esnaldia jaiotza berri bat sentitzen dugun bitartean.