Mihiaren puntan

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2022ko uzt. 3a, 20:58

Olikok beti maite izan du origamiak egitea. Bere aitak gaztetan Hidakara (Japonia) bidaia ugari egin behar izan zituen. Bertan, beste inongo lantegitan aurkitu ezin den paper finenetan finena egiten ahaldundu zen eta baita bertokoek han gustuko duten origami teknikan profesionala bihurtu ere. Gaur egun, aita-semea komunikatzeko tresna ere bihurtu da, eta sarritan batak besteari ohe gainean uzten dio animaliatxoa inork ulertuko ez lukeen esanahi eta kode moduan.

Azkenaldian ordea, aitaren ohean ehunka dragoi gorrik hartu dute gain. Paper finari begirada sorginduz so egin eta Olikok geroz eta irudi, forma gehiago egiten ditu. Sarritan, ez dio axola aitak erantzuten dion ala ez. Ez dio axola berak gustuko zituen forma duten ala ez. Bat bestearen atzetik, arrapaladan, geroz eta azkarrago, eta bat bukatzerako hurrengoa egitean pentsatzen ari da. Aurre hartze mekanismoa erabat aktibo dauka eta orainean baino, etorkizunean bizi denaren sentsazioa daukat. Kontzentratzea kostatzen zaio, izerdia dario sarritan eta gogo aldarte baxua izateaz gain teknika ihesbide moduan erabiltzen duela esatera ausartzen naiz.

Aitak ordea, denborak dena sendatzen duenaren esaldia arras gorroto du. Badaki besteek behar dituzten laguntzak gureganatu eta gureak alboratzen ditugula sarritan. Baina, semea gozo hartu eta bien bihotzak elkarren neurrikoak izateko grina aspaldi galdu du. Olikok benetan gaizki pasa zuen konfinamendu garaia. Eta zer esanik ez eskolara buelta. Ahotsa erabat loditu zitzaion, irainen beldur, whatsapp bidezko audio mezuak bidaltzez uzteraino. Bizar lodi eta mardula atera zitzaion, eta ia bi metro arterako garaiera hartu zuen. Artean, bazituen Olikok inoiz hitz egitera ausartu ez zen kezkak. Eta sarritan laguntza eskatu, eta aitari Psikologora joan nahi zuela esateko bi logelen arteko pasiloko ibilbidea egin, eta logelara iristean, origamia lekuz aldatu, edota poltsikoan zuen beste bat ohe gainean uzten zion aitari.

«Hainbatetan mihiaren puntan ditugun gaiak isiltzera ohitu gara. Eta zer esanik ez, komunikazioa gizonen artekoa denean»

Hainbatetan mihiaren puntan ditugun gaiak isiltzera ohitu gara. Eta zer esanik ez, komunikazioa gizonen artekoa denean. Gizarte normatibo zein hegemoniko honek ere eragin du euren emozioak eta sentimenduak tapatzen. Ezkutatzen. Ihesbideak aurkitzen. Baina, geroz eta zailagoa bihurtzen ari da buru osasunik gabe gure gizartean bizitzea. Datuek oraindik ere, ezer larriegia izan ezean norbanakoari anonimotasuna ematen dion jokoan erortzen dira. Ezkutatu edo tapatzea medio. Dena den, gizonen arteko gaixotasun mentalek geldialdirik gabeko gorakadak dituela ukaezina da. Eta, estatistikek; bizitzako momenturen batean hiru pertsonatik bik buru osasunetik aldentzen den egoeraren bat izango dugula baieztatzen dutenean, zuri edo ingurukoei gertatuko ez zaien ideia autobetetako profeziatik urrun geratzen da.

Alden gaitezen ideia zein etiketa zurrunetatik eta eser gaitezen su garrak gain hartzen digutenean hauspoa ematen digutenenekin. Inoiz ez baitakigu bizitza honetan nork lagunduko gaituen...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!