Pytyvõ

Erabiltzailearen aurpegia

Aitonak ez du sekula hutsik egiten gurutzegrametan. Aztia da bera. Denok geratzen gara bere hiztegi aberatsarekin txundituta. Momentu bakoitzerako hitz egokia aurkitzen duen horietakoa da, goxoa, argia, eta ez da soilik paperean islatzen. Goizean goiz, txikoriari kikaran kea darion bitartean hasten da hutsuneak betetzen. Arkatzez egitea du gustuko, gutxitan erratzen bada ere, berehala zuzentzeko aukera ematen diolako alegia.

Aitona Martinek dio, kameleoiak harraparia harrapatu arte zuhaitzaren kolorera egokitzen den modura egokitzen dela bera ere hutsuneak betetzera, hizkietara, hitzetara. Begien aurrean, mosaiko perfektu baten tankerako hitz segidak izateak ematen dio aitonari grina. Kameleoiak piztiari itxaroteak ematen dion zirrarak bezala. Horrela utzi ohi du aldenik alde aldizkaria zabalik jarraian sukaldera datorrenak bere abilezia goraipatu dezan.

Gaurko gurutzegramak, Ertamerikako indigenen inguruko hutsuneek liluratu dute aitona. Gustura dabil. Badakielako horren inguruan asko irakatsi ziola gaztetan herrira iritsi zen lagun handiak. Badaki uzta jasotzeko eguna zein den jakiteko, korapiloak egiten zituela sokan, eta jasotzeko eguna iristean, sokak ez zuela korapilorik izango. Horrela zenbatzen zituen egunak. Badakizki bertako erritualak, dantzak, eta hain iruditzen zaizkio bereziak…

Hitz bakar bat falta zaio gurutzegrama amaitzeko, baina, jada bi aldiz altxa da aulkitik. Hara eta hona dabil, loreak ureztatu, leihotik begiratu, eta berriro aulkira. Ez zaio maiz gertatzen hau aitonari. 'P' hizkia du hasieran, eta 't' tartean, eta gero ezin asmatu dabilen beste hizki batzuk. Eta, horrelakoetan xakeko taulako zaldia izatea gustatuko litzaiokeela pentsatzen du aitonak. Bi laukitxo salto egin, eta hurrengora pasa ahal izateko. Zaldi beltza ahal bada, haurra zenean baserrian zutena kafe kolorekoa baitzen.

Espero gabe, biloba ate joka sartu da etxera, inolaz ere erabiltzen ez dakien yoyo bat eskuan duela aitonaren arreta eskatuz. Eskoletan zoruan marraztu dituzten kolore askotariko marrak, manparak, eskuak garbitzeko gelak, mahaien banaketak, musukoak, jolastorduko txutxu-mutxuak eta besarkada ezak, irakaslearen aurpegia irudikatu behar izateak tristatzen duela Maren igarri du aitonak.

Arratsaldea berriketan pasa ostean, bere aulkira doa aitona. Ez du inolaz gurutzegrama amaitu gabe ohera joan nahi. Hiztegiari kontsulta egitea erabaki du lehen aldiz, bilobak aitonari arreta eskatzea erabaki duen bezala. Listo, aurkitu du. «Laguntza guaraniz», dio gurutzegramak: Pytyvõ. Posible da bai, ttak.

Arkatzez egitea du gustuko, gutxitan erratzen bada ere, berehala zuzentzeko aukera ematen diolako

Aitona argia zela esan dut nik, eta ez edonola esan ere. Ilargiaren argia aprobetxatuz etxe atariko harrian eseri da, halako puzzle bat osatu nahian. Aitona Martinek bere baitan: «Bilobak niri eskatu dit laguntza, nik, gauza berbera egin dut hiztegiarekin, eta hiztegiak hitz bera eman dit bueltan. Pytyvõ».

Nik horrelakoetan kuttunenean eta maiteenean pentsatzen dut. Laguntza behar duenengan. Marenengan. Sei hilabeteren ostean, arratsaldeetan bere alboan eserita egotean, eta bere ahots goxoa entzutean, Mareni eskolara egokitzen laguntzean. Adin batetik aurrera, biloba besarkatzea arriskutsua dela pentsatzeak baino, gehiago kezkatzen bainau geratzen zaidana goxotasunik gabe bizitzeak. Batek daki zer eragingo lidakeen garai hauetan indigena izateak…

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!