Alaitasuna kutsakorra da

Erabiltzailearen aurpegia

Leihotik begira ari da, ditxosozko azken azterketa zuzentzen. Hori amaitzean, ikasle bakoitzari sartu behar dizkion nota eta ohartxoetan pentsatzen dabil jada. Gurasoekin elkartzeak ere urduritasun puntu bat sortzen diola onartu behar du. Bereziki, komunikatzen dena hobekuntzara bideratuta dagoela ulertzen ez dutenengatik.

Bat-batean, eskolako festa eta ikastetxetik doazen ikasleen agurra datozkio burura. Amaierak dakarren tristura, eta agurrarekin gustura geratzeak duen garrantzia. Ah, eta proiektua ere ezin albo batera utzi. Horren ondoren kurtso amaierako irteerak hartuko du lekua, urtea borobiltzeko asmoz. Ene…

Eguneko lehen hiru saioen eta atariko zaintzaren ondoren, irakasle gelan bildu gara. Kurtso amaierak dakarren lan zama eta emozio festa pil-pilean daude jada. Ez dakit bilkurak, urduritasun puntuaz eta lan gehigarri baten pertzepzioaz gain, zerbait gehiagorako balio izan ote duen. Izan ere, ikasleei emozioak kudeatzen irakasteko elkarretaratze batean, askok gaindituta ez daukagun ikasgaia irakastea egokitzen ari zaigula ohartu naiz. Eta, egiten ez dakiguna, ezingo dugu sekula egoki transmititu.

Etengabe mahai gainera ateratzen da proposamena: ikasleek emozioak kudeatzen ikasi behar dute, eta hori txiki-txikitatik identifikatzen jakinez gero, hobe. Izan ere, izugarrizko oparia litzateke, identitatea sortzen doan heinean, euren emozioak identifikatzeko gaitasuna izatea.

Tira, argumentua, zoragarria. Edozein konbentzituko lukeena. Txalogarria. Baina, agian, irakasleok ere geure burua ezagutzetik zein formatzetik hasi behar genuke. Bestela, ea nola transmititzen diozun ikasle bati lasaitasuna, zureak egingo duela pentsatzen bi edo hiru aste daramatzazunean…

Goazen behingoz lanean hastera; oinarritik, produkzioa alboratzetik, lana masan egiteari uztetik. Eta, ikasle-irakasle elkarrekintzan, haur bakoitzak gugandik eta berarentzat eramatea nahi dugunetik.

Modu honetan, amets egiten duten irakasleak izango ditugu, haurrak bertan islatuz, eta etorkizun oparoago batean murgilduz.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!