Atzean uzten duen guztiaren etsipena, eta etorkizunak ekar dezakeenaren beldurraren ikur. Mila bider galdetu dio haurrak amari non biziko diren, eskolara joango al den, eta lagun berriak egingo al dituen. Ezker masailean fereka goxo bat eginez baiezkoa eman dio. Esperantzatsu.
Amak, ezin du burura behin eta berriz datorkion irudia aldendu. Maite dituen pertsona bakoitzaren azken begirada eta azken besarkada ditu gogoan. Berriro bueltan ikusteko esperantzaren grinak negar malkoa isuri arazi dio. Kondaira behin eta berriz errepikatzen dela jabetu da, eta asko ez direla sekula jatorrizko herrialdera bueltatzen.
Arnas aldi luze baten ostean, lehengusuren batek agian Venezuelako aireportuko ilara amaigabean zortea izan duela bururatu zaio. Horrela balitz, hegaldi merkeren batek elkartu ditzake bi familiak Latino Ameriketako herrialderen batean. Sartzen uzten dietenean.
Ama, bien bitartean, nonahikoak diren horien zorte onaz jabetzen da, gizakiak berak sortutako mugen injustiziaz. Gizatasunarekiko esperantza galdu du jada erabat, baina bere barnean badio zerbaitek aurrera irtengo dela. Jada erdi arrastan doan eta begietan tristura duen arren, tarteka irribarre egiten dion alabagatik bada ere.