Barruan daramagun irteera

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2018ko mai. 27a, 09:29

Gaurkoan Heziketa Fisikoko saioan «libre» daukate ikasleek, eurek kudeatu behar dute materiala, espazioa, eta heldutasunez aritu beharko dute noski taldeetan banatu eta jolasean elkar ulertu ahal izateko.

Planteamendua gustuko dutela dirudi. Hara, hor doa liderrik handiena dena antolatzeko grinaz.

Nik, bien bitartean begirada norabidez aldatu dut, berehala nator: «Ea gai diren euren kabuz jolas justu batean jarduteko…».

Neska ia denak soka saltora doaz, beste batek, arrosa koloreko uztai bat hartu du. Azkena nigana dator, eta, auskalo zergatik, baina jolaserako gogo gutxi duela adieraziko didan tankera ematen diot. Mutilak berriz, eroso dabiltza, baloiari ostikadak ematen iaioak direla demostratuaz. Eta noski, ez dezatela neskek gehiegi «oztopatu» zelaia, soka saltoan ibiltzeko kornerreko ertza nahikoa da eta, ze arraio.

Bien bitartean, zuzendariari hitz jarioa azkartzen zaio, bi aste barru egingo den emakumeen inguruko antzezlanaz hizketan. Haur berberek egingo duten antzezlanaz. Bat-batean, espazioa bereganatu duen haur futbolaria, Frida Khalo handia izango da antzerkian. Eta gogotsu sartuko da paperean gainera. Ezin hobeto egingo du.

Tamalez, antzerkia ez da soilik ordubetetxo horretan haurrek egiten dutena. Egunerokotasunean, guk geuk; helduok, emakume eta gizonen artean ikastetxean, etxean, kalean, berdintasuna bermatzen dela sinestarazten dugunean baizik. Hori bai paper puska. Horrelakoetan, Parisko Palais Garnieren ere antzeztu genezakeela pentsa izan dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!