Basamortuko arrosa gorria

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2018ko ots. 18a, 14:07

Eguzki-printza irteten zenerako esnatzen nintzen ni beti. Eta batzuetan, ez beti;  baina, tira beroak nahi adina distantzia egiten utziko ez zigula genekienean, gauez egiten genituen kilometro ugari izar-multzoei bidean lagun ziezaguten utziaz.

Arretatsu erreparatzen genien, bide onetik eraman gintzaten. Eguna iritsi baino lehen, azal iluna estaliko zidan zapi urdina ipintzen nuen buruan bueltan hareaz eta eguzki izpiez babestu nadin.
Garai horretan, areazko mendiak baino ez nituen ikusten, bata bestearen atzetik.  Pentsa, nire osabak izena eta dena jartzen zien handienei. Iparralderantz, marroi koloredun area leuna zuten dunak aurkitzen ziren, hego-mendebalderantz harritsuagoa zen desertua. Gameluei maitekiro helduaz, eta norabidean gindoazela, sastraka arteko arrosa gorriren batek lur emankorraren ikurra salatzen zizun bien bitartean.  Jakizu zenbat egun igaroko ote genituen emandako pausu bakoitza helmugatzat hartuaz. Inshala.
Euskal Herrira iritsi berritan, ez nekien euskaraz jarduten. Ez nekien ezer esaten, deus. Hara, nik nahikoa nuen nire bi hizkuntzetan ondo moldatu eta hirugarren bat ulertzen. Euskarari tankera hartzea ere kosta zitzaidala esango nuke. Nire buruari:  «Hartu arnasa sakon» esaten nion, haize ufada luzeak botaz etsipen kutsu batekin. Horregatik hasi nintzen herrian irribarretsu azaltzen. Bertan egotearen esker ona adierazten. Leialtasunez jokatzen.
Denbora gutxi igaro bada ere, eroso sentitzen naiz Txindokiko magalean. Udaberriko arrats gorrietan nire lagunei istoriotxoak kontatzea gustatzen zait. Askotan nire bizipenak, eta bestetan irudimenak bustitako gertaeren tankera hartzen dutenak. Ametsak.
Mendi aldera joaten garenen oro, bakoitza harri koskor baten gainean esertzen da, bata bestearen altzoan borobiltxo bat osatuaz. Gustura egoten naiz, kontatzen diedana gogoz entzuten dutela badakidalako. Gainera azken aldian hikaz hitz egitera ere ausartu naiz. Lagunek diote istorio guztiek daukatela kutsu bera, basamortuan arrosa gorria ikusten nuen momentuaren tankera.  Goxotasunaren afera.
Azken finean,  areazko mendiak mendi berdez baino ez ditut aldatu borobiltxoa osatzen duten solaskideek arrasti oro gozatzeko…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!