Begirada bat bakoitzarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2017ko abe. 10a, 19:53

Hamahirugarrenez zuzendu dio irakasleak ikasleari asteburuko pasadizoen idazketa. Bere izena entzun, eta irakaslea mahaitik altxatzera zihoala esku umelak mahai azpira sartu ditu bi eskuetako hatz luze eta erakuslea gurutzatuaz. Azken idatzian esku batekoak gurutzatu izanak ez zion eta ezertarako balio izan.

Badaki luzea egingo zaiola irakasleak bere mahaitik ikaslearengana egingo duen joana. Horregatik, bien bitartean, azken ertzeraino; nola ez, bere mahairaino iristen den bitartean: «Honakoa berezia izan dadila» ahoskatzen du ahopeka. Bere ikaskideak, dituen nahi eta ezinen jakitun egin ez daitezen.

Azken idazketak alegia, badu ahalegin gehigarri bat. Astebururik gozoena ez izanik ere sentitzen zuena islatzea otu zaio eta ikasleari. Mugaz gain aritzera, ausartzera, sentimenduak adieraztera. Erantzuna ordea, to. Hortxe: berak erabilitako tinta urdina baino gorri kolore gehiago duen orria. Hamabi urteko ikasle bat mailakatuko duen zenbaki bat, eta sekula ahaztuko ez duen beste esaldi bat: joan dadila espezialistaren batena «b»-ak eta «p»-ak bereizi ditzan. Hori ez omen da eta oso normala! Gainera, ez omen naiz normala.

Etsipenez begiratu, eta erretorika entzuten zuen bitartean, mahaia marrazturik zuela jabetu da irakaslea. Listo, badu beste ordu erdirako. Ikasleak ezin du gehiago. Irakaslea beragandik urruntzeko desiratzen dago orriari bi ertzetatik heldu, bi zatitan egin, paperezko bolatxo bihurtu eta zakarretara jaurtitzeko. Gainera badakit, irakasle gelara joango da oraingoan ere bere lana ondo egin duenaren oniritzia jaso nahian. Gaurkoan, adibidez, Dislexia diagnostikatu didala esanez edo. Edozer gauza, auskalo.

Errekreora bidean gerritik heldu eta normala ez, «oso berezia zara» zioen lagunak bazekien zeinen garrantzitsua zen berarentzat aitona. Zenbaterainoko esfortzu egin duen aitonaren eserlekuan eseri eta hain baliotsua zen idatzia idazten. Bera gogoratzen, eta agurtzen. Aizu… entzun! Nik irakurri dut, eta zoragarri idatzi duzu. Baina tira, akats ttiki bat soilik aurkitu diot. Begira begietara, eta entzun iezadazu: lan hori zurea eta zuretzat zenuen egin. Berdin zait irakasleak ez badu atsegin…

Lagunari esker, zera hasi nintzen: benetan maite ninduena maitatzen, eskatzen zidatena ematen, beldurrak alboratzen, jendea barkatzen, sinesten nuenean jarduten, egia entzuteko prest ez zegoenari gezurra esaten, eta egunero-egunero basoa erdi betea ikusten.

Gainera orain, argi berezi bat ikusten diot neure buruari. Eta egia da, irakasleak arrazoi zuen. Ez da normala, laranja gorrixka edo hori kolorekoa da. Definiezina. Bakarra. Ikasgela honetako ikasle bakoitzak duen distira bezalakoxea…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!