Tatuajeak eta ‘piercing’-ak, a zer buruko minak

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2017ko urriaren 15a

Behar genuen guztia aurkitzera joaten ginen. Egarria geneukanean, noski, gosea geneukanean, edota neka-neka eginda geundenean. Pozik geundenean ospatzera, eta triste geundenean penak ahaztera, isilik egotera; musikaren soinuari zarataren ardura ematera. 

Zer nahi genuen ez genekienean joaten ginen, alkohol ttantta bat edan eta norbaiten iritzia entzutera. Edota ia inoiz ez bezala gure barrena irekitzera, erlaxatzera, oraindik gainditu gabeko hesiak ilusioz behatzera, mundua konpontzera, ligatzera. Egunean zehar hain gutxitan sakontzen diren elkarrizketak izatera…

Berdin zion arrazoiak, gerta zitekeenaren intrigaz ateratzen zinen etxetik eta konturatzerako sei bat lagunek inguraturiko mahai borobilaren bueltan aurkitzen zinen. Entzuten, eta entzuna sentitzen. Azkena egindako tatuajeaz hizketan, beno tatuajeaz eta piercing-az. Elkarrekin egin baitzituen. Etxean ez zitzaizkiela gustatuko jakin eta ezkutuan egitea pentsatu omen zuen. Gero ordea, bista-bistan egitea zela onena uste izan zuen. Sumatu nion nik laster berezia zela berarentzat benetan.

Begiak lausotu eta barrena husten hasi zen, ez zen esanahi argi bat emateko gai izan, baina marrazki gutxirekin hunkitu izan da jendea hainbeste. Norbera berearekin bakarrik noski. Azalean margotu diotenarekin, edo margotua ez daukanarekin, nik zer dakit. 

Dakidan bakarra da: funtsezkoena, ezinbestekoena, ikusezina dela begientzat…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!