Zebrabidea gorrian gurutzatu du, eta saredun poltsatik laranja bat erori zaio lurrera. Ez da jabetu ere egin, belarriak estaltzen dizkion musika aparailuren batetara edo konektatuta.
Nik ordea, ondoan daukat amona. Berak dio Frantziako hauteskundeetan nork irabazi duen ez dela ulertzeko gai. Ez dakiela hori ona den gure herriarentzat edo ez. Baina, badakiela non egin erosketak. Eta horrek eragin handia duela politikan. Arraioa, lehen aldiz entzun diot amonari hitz hori eta gogotsu erabili du gainera. Badaki zertaz ari zaidan hizketan. Hitz goxoz, fruiturik onena erosten erakutsiko didala esan dit. Hasteko, garaikoa izan dadila. Erosi baino lehen, igurtzi egin behar zaiola fruituari beldurrik gabe. Horrek pista asko ematen dituela. Bi aukera daude laztana: «Heldu ez bada, zuk bezalako azal fina izango du, bestela zimurtzen hasia egon daiteke… badakizu!».
Gauza bat eta beste esplikatzen ari zitzaidala, udaberriko loreei begira jarri da amona. Begoniak maite ditu gehien. Non ipini pentsatua duela esango nuke. Badaki egunean zenbatetan ureztatu, eta zein kantitate bota ere. Gehiegi botatzeak sustraiak hiltzea baino ez dakar eta.
Gosetzen hasiak gara biok ere, eta etxera buelta egitea erabaki dugu. Gustura noa, badakit eta amonaren etxean bapo jango dudala. Batzuetan, nahi baino gehiago eta guzti. Bazkaria amaitzean, koloretako poltsetan hasi da banatzen zaborra.
Ederki moldatzen da. Berak dio, hasieran zertxobait kostatzen zitzaiola baina orain trukoa hartu diola. Ez diot laguntzen uzteko intentziorik ikusi. Gainera, ez du zabor askorik sortzen. Bere etxean dena aprobetxatzen delako noski.
Amona hau zoragarria da, eta ez da nirea delako. Harrigarria da denbora gutxian zenbat irakatsi didan. Ahalik eta gutxien kontsumitzen du, eta berrerabili eta birziklatzeaz ez da inoiz ahazten.
Amonak bezainbeste jakingo banu…