Prostituzioari buruzko tertulian esandakoak

Erabiltzailearen aurpegia Lurgatz Talde Feminista 2023ko maiatzaren 3a

Prostituzioari buruzko tertulia antolatu du Lurgatz talde feministak Txoko Morean eta bertan ateratako ondorio nagusiak eman ditu ezagutzera.

Pasa den apirilaren 28an Villabonako Txoko Morean prostituzioari buruzko tertulia egin genuen eta iritzi desberdinak partekatzeko aukera izan genuen. Mugimendu feministan urtetako eztabaida da prostituzioarena (erregulazionismoa, abolizionismoa, debekua...) eta oraindik itxi gabe dagoen debatea da feministon artean.

Hala ere, desadostasunak egon arren, hainbat adostasun badaudela egiaztatu genuen. Mugimendu feministan zerbait aldarrikatzen bada, hori, emakumeari babestea da eta prostituta izateak ez du bat bazterrean uzten. Beraz, ezinbestekoa deritzogu edozein erasoren aurrean gure babesa helaraztea.

Honekin batera, Atzerritartasun Legea mahai gaineratu zen. Hor topa daitezke prostituzioan dabiltzanei lagundu nahian Espainiako Gobernutik planak eginez baina ezer gutxi aurrera dezaketela aipatu genuen. Atzerritartasun Legea aldatu ezean.

Honi guztiari, hainbat prostitutek azpimarratzen duten deskriminalizazioa erantsi genion eta kriminalizazioak zer nolako kalteak eragiten dizkien aipatu. Kriminalizazioan kaltetuenak prostitutak direla azpimarratu beharra dago eta puteroak zein proxenetak onurak izan ditzaketela.

Denok ados geunden prostitutei entzutea ezinbestekoa dela eta beraien artean ere iritzi desberdinak aurki daitezkeela. Ez da nahikoa bati entzutea; zenbat eta gehiagori entzun, orduan eta informazio zein erreminta gehiago izango dugu gorroto ditugun proxeneta esplotatzaileei aurre egiteko. Baina argi dugu ez dela batere erraza prostituta askoren hitzak entzutea, proxenetak zein puteroak oso babestuak daude.

Amaitzeko, zer landua badugula ondorioztatu genuen. Hainbat puntutan desadostasunak ditugun arren, adostasunean ditugun puntuak kontuan hartu, eta ahal den neurrian, prostitutek pairatzen dituzten erasoen aurrean babesa ematea ezinbestekoa genukeela esanez bukatu genuen. Hausnartzen eta eztabaidatzen jarraitu behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!