Itxaron zerrendak

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2016ko ekainaren 5a

Gorroto ditugu. Eta gero eta gehiagotan ematen dugu izena. Bizi garen egoeraren adibide esanguratsuenetakoa.

Umeak futbol eskolan apuntatu nahi duela, itxaron zerrenda; belaunak zisku eginda dauzkagula eta artroskopiaren premian gaudela, lanpostu baterako eskabidea bete duzula, ikastaro interesgarri batean izena eman nahi duzula (jo dezagun, Pedagogia Sistemikoa, edo Konfiantzaren Pedagogia), ba berdin. Jende gehiegi eta aukera onak, gutxi. Zein ikastaro/tailer aukeratzen ditugu geure ideiak, pentsamoldeak elikatzeko edota aberasteko? Zein geure lanpostuan aurrerapausoak emateko? Eta kirol probei buruz hitz egingo bagenu?

Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut itxaron zerrenden zerrenda bat egitea. Zein postutan aurkitzen naizen zerrenda bakoitzean. Horrek nire bizitzaren mapa ondo baino hobeto ilustratuko lukeela iruditzen zait.

Eta halako batean, inoiz burutik pasa ez zaizun zerrenda batean zaudela esaten dizute. ATARIA-n artikuluak idazteko zure izena azaldu dela. Dena udako goiz eguzkitsu batean gertatzen da, hondartzan edo igerilekuan zaudenean. Zerrenda horretatik zu izan zarela aukeratua. Zuk uste duzu zerrendako lehena zarela, noski, inoiz ez zaizu burutik pasa ere egiten beste batzuk zeudela aurretik eta ezezkoa eman dutela. Eta bat-batean, idazten hasten zara, eta gustatu egiten zaizu. Konturatzerako ia bi urte pasatzen dira, eta egun batean ohartzen zara itxaron zerrenda handitzen joango dela, eta hurrengoari paso emateko garaia dela.

Agian zu zara hurrengo hori. Zorionak. Eta eskerrik asko atarikide zareten guztioi. Ondo izan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!