Inauterietako Urrezko Serpentina

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2016ko ots. 12a, 15:02

Herri txiki infernu handi honetan denok ezagutzen dugu elkar gutxi gorabera, eta badakigu bakoitzak zeri buruz hitz egitea duen gogoko. Nire kasuan, baten batek esango luken moduan, «feminista» idazten dut. Hollywood-en ere oso modan edo sasoiko dagoen gaiari heltzen diot gehienetan. Eta gaurkoan ere ez dizuet sorpresarik emango.

Jule Goikoetxeak Berria-n idatzi zuen bezala, gizonek emakumeak gobernatzen dituzten sistema bat: horixe da sistema patriarkala. Bai gure eguneroko bizitzan, lanpostuak eskaintzeko garaian eta baita festan ere, parrandarako garaian.

Adibide xume bat jartzearren: Tolosako inauteriak dira, hasierako egunak, parrandarako amorratzen gaude, giro ezin-hobea, lagunarte majoa, eta kuadrilla batean, emakume bat, izugarrizko umorearekin, eta edariak ematen digun indar eta desinhibitzeko gaitasunarekin primeran pasatzen ari da, bere buruari eta inguruko guztiei barre eginarazten. Baina kontuz! Emakume honek bere urteak ditu! Familia bat! A ze piura! Kontrola, kontrola!

Izan ere, ez dezagun ahaztu, gaur egungo emakumeoi uzten zaigula parrandara ateratzea (gizonezkoak etxean geratzeko prest daude egun horretan umeak zaintzen), baina kontuz! Txintxo ibili gero! Ezta okurritu ere eskandalua armatzea, atentzioa deitzea edo behar baino soinu gehiago ateratzea! Bestela, badakizu datozen egun, aste eta hilabeteetarako infernu handiko komentarioak zeintzuk izango diren. Eta Inauterietako Urrezko Serpentina Saria jasoko duzu.

Zeren gizona-emakumea ez baita desberdintasun bat, baizik eta menderakuntza bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!