Kaikuak eta haikuak

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2015ko abe. 13a, 12:36

Francoise Aillet-en liburu baten izenburua aprobetxatuko dut oraingoan idatzi honi txapela jartzeko (Haiku Kaikuak da benetako izenburua). Kaiku sasoia gerturatzen ari zaigulako da.

Kaikuak, artzaiandre jantziak eta txapelak trastelekuko goiko apaletik ateratzeko garaia, alegia. Esan zer janzten duzun eta esango dizut nor zaren. Zer jantzi, hura izan. Ator, ator… atorrak, kaikuak eta txapelak, artzaiandre jantzi eta moñoak. Aurten, udako festetan gazte kuadrillek jantziak elkartrukatu dituzte herriko plazan dantzatzeko eta bertso-poteoan aritzeko: Iratik atorra eta txapela, Aimarrek artzaiandre gona.

Bitartean, herri modernoxeago eta hiri inguruetako haurrek, nahiko demodé dagoen kaikua janzkera japoniarra dela uste dute eta beraien gurasoek kaikua haikuarekin nahasten dute. Izan ere, gaur egun vintage edo eta hipsterrak gara gutako asko, soineko liberty sexyak soinean eta bizar luze baina zainduak (back to the roots, baina amerikar estiloan, ez gure gurasoen euskal bizarra) aurpegian. Eta haikuak maite ditugu, haikuak hor baitu beti denboraren iragankortasuna, atzeman ezintasuna, maitasuna… eta isiltasuna. Aldiz, gehiegitan bertsolaritza mendi-aldeko herri txikien bigarren mailako poesia dela sinetsia dugu.

Baina badut esperantza. Tradizioa eraberrituz eta eraldatuz geureari eutsiko diogu. Gure tradiziotik jan eta edandako ator, kaiku eta gonak elkartrukatzen dituzten gazteak plazan era guztietako doinuak dantzatuz ikusten ditudalako. Eta bertso saioetan neska eta mutil gazte kuadrillak, une horretan gertatzen ari den hortaz gozatzen ikusten ditudalako. Dantzak eta bertsoak geure-geureak sentitzen ditugulako, eta erraietaraino sartzen zaizkigun sentsazioak trasmititzen dizkigutelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!