Gizon gazte batek emakume gazte bat bortxatu duela, 55 urteko batek beste bat, senarrak bere emaztea hil… eta gertakari hauen aurrean, emakumeari ematen zaio hitza: Emakunde, talde feministak, emakume tertulia-kideak. Maialen Lujanbiok dion bezala, jo duten emakumeari jartzen zaio bizkartzaina; jaietara doan neskari jartzen zaizkio arauak, arduraz jokatzeko, erne ibiltzeko… Eta non dago beste aldea? Non daude gizonezkoak? Ez dute ezer esatekorik? Nork galdetzen die ezer? Zenbat aldiz esaten zaio semeari zentzuz jokatzeko, erne ibiltzeko? Zenbat etxetan lantzen da semeek, gizonek, sexuarekin duten harremana?
Bitartean, Tolosako Jabetza eskola martxan da, eta lan bikaina egiten ari da Tolosako Berdintasun Saila. Jabetza, empoderamiento, empowerment. Emakumea plazaratzeko, eta beraiek dioten moduan, kontzientziatze prozesu bat abiarazteko. Gu bizi garen gizarteak ezartzen dizkigun diskriminazio eta gutxiegitasun egoera salatu eta horren kontra borrokatu ahal izateko.
Edozein momentutan, edozein komunikabideetan, edozein har intelektual (edo ez) matxistaren ateraldi sexisten aurrean, gure izaera eta eskubideak aldarrikatzeko gai izan behar dugu, izan etxekoandre, autobus gidari, irakasle, artista edo baserritar. Honen harira, Argia aldizkarian Pablo Sastrek idatzitako artikulua eta Estitxu Eizagirrek emandako erantzuna irakurtzea gomendatzen dizuet.