Askatasun eta hondartza egunak

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2015eko urriaren 4a

Udako oporretan hondartza inguruetan bizi garenok edo hondarra zapaltzeko zortea dugunok, hareak eta itsasoak eskaintzen duen biluzteko aukera paregabe hori ere bilatzen dugula aitortu beharra dugu. Kaleak eta mendi irteerek nekez eskaintzen digute libertinaje puntu hori: ipurdi erdia eta titiak aireratzeko askatasun ia orgasmikoa.

Marea gorak eta abuztuko asteburuek sortzen duten gorputz-masa erraldoiek ere ez gaituzte beldurtzen. Ai, gorputza erdi-biluztu eta toallan etzatearen plazera! Aldamenean, gure hankako behatz txikitik zentimetro batera dugunari erreparatu ere egin gabe. Noiz eta non daukagu hainbeste jenderen aurrean ia erabat biluzteko baimena?

Baina agian, une batez ingurura erreparatzen badugu, ohartuko gara barandaren goialdetik begi batzuk beheranzko norabidea hartuta dutela, eta Smartphone batzuk irla edo itsasoa enfokatzeko aitzakiarekin, gure edo aldamenekoaren titiak erregistratzen ari direla. Eta han goiko etxe batetik kataloxetatik begira dauden beste begi gaixo batzuk adi daudela, gure titiak, beren kartzeletatik noiz eta nola askatzen ditugun zain.

Eta aldamenekoren batek ohartarazten gaitu: aizu, kontuz ibili. Eta gu lotsatzen gara, eta errudun sentitzen gara, eta hurrengoan kontu handiagorekin aldatzen gara edo gehiago tapatzen gara.

Eta konturatzen gara hondartzako egunetan ere kontuz, adi eta azti ibili behar dugula, askatasuna ez dela berdina denontzat. Ez oraindik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!