Trukean

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2015eko irailaren 6a

Trukea: Zerbitzuen edo ondasun materialak beste zerbitzu edo objektuengatik elkartrukatzea da. Ez da salerosketa. Salerosketa eta trukearen arteko desberdintasun nagusia da ez dagoela dirurik tartean.

Historikoki, trukeak krisi garaian hartzen du garrantzia. Gaur egungo truke sistema nagusietako bat «denboraren bankua» deitzen zaiona da. Gure zonaldean martxan dagoen proiektu interesgarrienetako bat: zuk nire zakurra paseatzera ateratzen baduzu, nik zure alabari ingelesa erakutsiko diot.

Internetek ere asko laguntzen du truke sistema hau erabilgarria eta probetxuzkoa gerta dadin: nik zure Oslo-ko etxean bi aste pasako nituzke, zuk nire etxera etorri nahi bazenu… Zuk gure aldizkarian zutabetxo bat idatziko bazenu, guk harpidetza eskainiko genizuke…

Trukeak asko erraztu dezake gure bizitza. Gure opor egunetan beste lurralde batzuk ezagutu nahi baditugu; ezjakintasunak, diru arazoak edota denbora faltak arazoak sortzen badizkigu…

Sistema honek zaintza beharrak ditugunoi ere asko lagundu diezaguke: autonomoak ez diren adinekoak, gaixoak, zakurrak edota haurrak «karga» bihurtzen zaizkigu udako zein urtean zeharreko oporretan. Gure inguruan gero eta ozenago entzuten dira gurasoen kexak: «Zer egingo dut udako oporretan nire haurrekin? Irakasleak bai ondo! Eta besteok?» Oporraldietan zaintza behar dutenean «kolokatzea» lan nekeza izaten da. Eskolak (zaintzaile merkeak) itxita daude, eta kontratazio pribatua garestiegia da. Baina badaukagu erremedioa: denboraren bankuko zerrendetan sartzen bagara, ziur nago zerbitzu asko eta asko asebeteko ditugula denon artean. Eta musu-truk.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!