Emakume gorputzak podiumean

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2015ko eka. 28a, 10:00

Futbol talde bateko medikuak esan omen zuen 70ko hamarkadan, baloiari ostikoak ematea ez dela emakumeentzat kirolik aproposena, kolpeak hartu eta hanketan markak uzteko arriskua dutelako alegia.

Gauzak asko aldatu dira azken urteetan: orain inor ez da publikoki horrelako iritziak ematera ausartzen. Gimnasioko gizonezkoen aldageletan halere entzun daitezke: «Kirol guztiak ez dira neskentzako aproposak, niri ez zaizkit neska kirolarien gorputzak sexyak iruditzen…». Izan ere, neskenak, ondo depilatutako izter torneatuak izateko sortu dira.

Neska gazteei, kirolaren alorrean, hautatzeko eta erabakitzeko askatasuna mugatzen dieten baldintza sozial eta kulturalak oso agerian daude oraindik ere gure gizartean. Badakigu, lan nekeza dela urteetan zehar hain maskulinoa izan den alorrean emakumea berdintasun maila batera iristea, eta ez desberdintasun fisikoengatik (mutilen arteko desberdintasunak handiagoak dira, aukeratzen dituzun gizonezkoen arabera). Mutilak diferenteak dira diferente hezi ditugulako. Hainbeste diru gastatu da azken bi mendeetan frogatzeko zein desberdinak garen! Eta ez dago bistako emaitzarik (Onintza Irureta Azkunek, Argia aldizkarian idatzia).

Zorionez gero eta emakume kirolari gehiago dago. Begiratu ingurura: segalariak, arraunlariak, sokatirako emakume taldeak… Eta ez lehiatzen bakarrik; Ainhoa Artolazabal olinpiar kirolari tolosarrak urteak daramatza neska txirrindulariak entrenatzen, jo ta ke, gehienetan inongo esker onik eta errekonozimendurik jaso gabe.

Jarraitu horrela neskak! Bejondeizuela!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!