Emakumeen gorputzak oholtza gainean

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2015ko mai. 23a, 09:00

Emakumea oholtza gainean ez da ahotsa, ideia edo errepresentaziorako gaitasuna bakarrik. Uxue Alberdik, Bertsolaritza eta gorputza lanean aipatzen duen bezala, Alberdik bertsolaria nola mugitzen, janzten edo «portatzen» den landu du.

Azkenaldian emakume bertsolari panpinak hartu du tokia oholtzan: «Lotsagabe samarra, baina ez harroa; seduzitzailea, baina ez puta; atsegina, baina ez melenga; alaia, baina ez txolina; kritikoa, baina ez haustailea; nortasunduna, baina ez haserrekoia; kontundentea, baina ez zabarra; umoretsua, baina ez friboloa». Hau da, Uxueren hitzetan, patriarkatuan trabarik egiten ez duen emakumea. Hemendik haratago joatea litzateke helburua.

Eider Rodriguez, Zuloak dokufilmeko gidoilariak dio, emakumezkoa, mundu maskulinoan sartzen dela, gizonezkoek baimena eman dietelako, eta orduan, haragi edo objektu moduan azaltzen da; edo alderantziz, beren tartean “sartzeko— abilezia, lotsagabekeria eta edukazio txarra izan duelako. Zuloak filmean rock munduko matxismotik urruntzen den feminitatea dago. Emakume hauek beren sexualitatearen eta gorputzaren jabe dira.

Virginia Imaz pailazoari oholtza gainera igotzeak eman dio askatasuna. Sudur gorriarekin, ederra, desio-objektu delikatua eta perfektua izan beharraren sufrikarioari barre egin dio.

Emakumeak oholtza gaina hartzen duenean, transgresio hirukoitza egiten du: alde batetik, espazio publikoa okupatzea (eta ez edozein, eszenari buruz ari gara), eta bestetik espazio sinboliko eta poetikoa okupatzea.

Bizi ditugun garaiak oso egokiak eta erabakigarriak izan daitezke emakumeontzat gure konkista propioak eta sozialak eraikitzeko. Oholtza gainera igo eta bertsoak kantatuz, rock taldeko kide bihurtuz edo sudur gorria jantziz, sotilak, eta aldi berean iraultzaileak izan gaitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!