Ipuinak, tradizioak eta traizioak

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2015ko api. 12a, 15:00

Urtero izaten dugu Tolosa eta Ordizian ospatzen den Ahoz-Aho ahozkotasunaren jaialdiaz gozatzeko aukera. Nahi baino gutxiagotan azaltzen naiz hain gogoko ditudan ipuinak entzutera, baina aurtengoan gozatu ederra hartu dudala esan beharrean nago.

Euskal Herritik, Kolonbiatik, Bulgariatik, Japoniatik eta Kataluniatik etorritakoak entzun ditut oraingoan, zein baino zein hobeto kontatuak. Gehienak oso zaharrak, urteetan herrialde bakoitzeko haurrak hazi eta hezi dituztenak. Asko ekologistak, moralistak, feministak, ganberroak… baina beste batzuk…

Kontua da, zalantza ugari sortzen zaizkidala: ipuin tradizionalak, tradizioak agintzen duen bezala kontatu behar dira? Tradizioaren izenean, ez ote dira estereotipo desegokiak transmititzen? Ipuin tradizionala traizionatu daiteke? Beste era «egokituago» batean kontatu? Duela gutxi egunkari bateko zine kritikari batek zalantzan jartzen zuen Errauskiñeren ipuina «gaurkotzeko» joera, eta «Pretty Woman», Errauskiñeren bertsio komertzial modernoa jartzen zuen adibidetzat. Erabat desegokia nire ustez. Izan ere, film hau, gaurkotua baina estereotipo berdinak azaltzen dituen bertsioa baita. Errauskiñe moderna, prostituta, pobrea, bere gorputza besterik ez duena bere bizitza miserabletik printzesen erreinura eramango duen diruduna bilatzeko. Zenbat kalte egin duen film honek! Hauek ez dira gaurkotzeak, hauek, ezer ez aldatzeko sortutako ipuin tradizionalen bertsio moderno salgarriak dira. Emakumeak, umeak eta adinekoak zaintzeko, gizonezkoei atsegina emateko eta etxeak txukun edukitzeko beste ezertarako balio ez duela azaltzen diguten ipuinak.

Jadanik soberan dakigu nondik gatozen, eta non gauden. Hau dena aipatzea komeni da, norantz jarraitu nahi dugun eta nora iritsi nahi dugun kontatzeko. Alda dezagun estereotipoen tradizioa, ipuin tradizionalak apur bat traizionatu behar baditugu ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!