Ez dut hazi nahi

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2015eko martxoaren 1a

Ai amatxo, ez dut hazi nahi! Ai amatxo, negua dut zai! Bai, Urtz talde euskaldunaren letrak dira. Peter Pan bezala izan nahi dugu, beti gazte, beti lerden, beti libre. Sekula Betiko Lurraldean bizi nahi dugu, negurik gabeko paradisuan, indio eta piraten munduan.

Bertan ez gara inoiz gaixotzen, eta nahi adina kirol eta parranda egin dezakegu, aspertu arte. Lurralde honetan ez daukagu inolako konpromisorik hartu beharrik, ez familiarekin (izan ere, gure etxeetan beti badago zerbait ospatzeko) ezta herriarekin edota jendartearekin ere (guk ez dugu politikaz ulertzen, ez dugu balio... eta gainera, nondik atera denbora hainbeste gauza edukita astean zehar?).

Sekula Betiko Lurraldean ez dago gurasorik ezta nagusirik ere zer egin behar dugun esateko. Gainera, ez dugu Kanpanillaren hauts magikorik behar hegaz iristeko; kotxeak, furgonetak eta autokarabanak dauzkagu, eta gaur egungo superrautopistei esker, istant batean iristen gara edozein tokitara, eguneroko errealitate gordinari agur esan eta asteburu, zubi, gabon, aste-santu edo udako oporretan Sekula Betiko Lurraldera eskapadatxoren bat egiteko. Baina gure errealitateko mapatik erabat ez desagertzeko teknologia berriak dauzkagu. Horretarako, mugikorrak aldean eramatea derrigorrezkoa da, argazkitxoa atera eta whatsapp-eko taldeei gure abenturen berri emateko. Nola enteratuko dira ba bestela, Sekula Betiko Lurraldean gabiltzala?

Bai, Peter Pan bezala, Sekula Betiko Lurraldean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!