Kontrolak

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2014ko abe. 21a, 14:00

Alkoholemia, paperak, azterketak, osasun testak … Nork atsegin ditu? Beharrezkoak dira? Batzuentzat batzuk bai, besteentzat besteak ere bai. Baina kontrola kontrolatzen izaten ditugu lanak. Guk besteak kontrolatu nahi ditugu, baina ez dugu onartzen besteek gu kontrola gaitzaten.

Gogoratzen Olé Olé espainiar talde poperoaren abestia? «no controles mis vestidos, no controles, mis sentidos. NO!» Gaur egun bortizkeria matxistaren zeinuetako bat bikotekidearen telefono mugikorra kontrolatzean datza. Zenbait gazte nerabek «onartu» egiten omen du eta «maitasun zeinu» bezala ikusi beren bikotekideak mezu eta deiak kontrolatu nahi izana. Telefono mugikorrak kontrolaren izebergeko punta direlakoan nago. Gurasoek, beren seme-alaba nerabeei gailu hauek oparitzen dizkiete kontrolpean edukitzeko. Gainera, Life 360º Family Locator edo antzeko aplikazioak daude merkatuan, GPS bidez, zure seme-alaben (hemen irakurri beste hainbat kide) lokalizazioaren kontrol osoa edukitzeko. Seme-alaba hauek, sare sozialetan eta doako mezuak bidaltzen pasatzen dute eguna. Mundu guztiak daki zer egiten ari diren uneoro, baina guraso edo bikotekide «maiteminduren» bat despistatuta badabil, kontrola ziurtatzeko aplikazioak daude salgai.

Hara hemen kontrolaren inguruan beste aurrerapauso zientifiko bat: 23andMe Estatu Batuetako konpainia, Erresuma Batuan ADN ikerketak komertzializatzen hasi da internet bidez. Test bakoitzak 157 euro balio ditu eta zure osasuna, jatorria eta familiako ezaugarriei buruzko ehun datu inguru eskaintzen du. Pertsonak Alzheimer edo Parkinson gaixotasuna izateko aukerei buruzko informazioa ere ematen omen du.

Halere, froga hauek ez omen dira %100 fidagarriak, eta aukera hau erabili aurretik ondo pentsatzea gomendatzen du konpainiak. Google-ek finantzatutako proiektua omen da, aizue. Imajina dezakezue Google-en poza, langileak kontratatzeko garaian test hauek «legalak» bihurtzen badira?

Gure seme-alaben hanka-pausoak GPS bidez kontrolatzea edo beraien etorkizuneko lanpostua test baten emaitza «posibleak» baldintzatuta egoteak izutu eta larritu egiten nau.

Olentzero maitea, ez-kontrol gehixeago eskatzen dizut datorren urterako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!