Euskal Izendegia. Zuhaitz edo Zuhaitza?

Erabiltzailearen aurpegia Leticia Aristi 2014ko azaroaren 23a

Euskal guraso garenok haurraren sexua jakin orduko korrika jo ohi dugu euskal izendegira gure haurrarentzat izen euskaldun egoki baten bila. Baina konturatzen al gara izenak balio asko transmititzen dizkigula, eta horien artean, sexu eta genero identitateari buruzkoak?

Duela gutxi, Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakaslearen lanari buruzko erreportajearekin egin dut topo Hazi Hezi aldizkariko 9. zenbakian. Berak euskal izendegia aztertu du «Izena eta izana: euskal izendegiaren eta sexuen araberako bereizketa» tesian. Eskisabelek dio izenak garrantzia duela, batez ere kontutan hartzen badugu izenak nork arautzen dituen: «Tokian tokiko eta garaian garaiko erakunde boteretsuenek».

Eta zer gertatzen da euskal izendegiarekin? Gaur egungoa hartzen badugu, konturatzen gara sexu edo generoaren araberako bereizketan oraindik hutsune handiak daudela. Idurreren tesiaren arabera, Euskaltzaindiak pausu atzerakoia eman zuen aspektu horretan 2001ean. Ordu-arte Amets, Aratz, Amaiur, Izaro… eta beste izen batzuk bi sexuetarako balio zuten. Orain ez. Zergatik ez?

Ba, Euskaltzaindiak, Erdi Aroko sistema erabiltzea erabaki duelako gaurko euskal seme-alabak izendatzeko (Haritz/Haritza, Hodei/Hodeia…). Arrakala. Zirrikitu bat haitzean dokumental oso interesgarri eta gomendagarrian ama batek dio bere alabari Zuhaitz jarri nahi izan ziola, eta Euskaltzaindiak ZuhaitzA jartzera behartu zuela. Honela, «beste behin, Adanen saihetsetik bezala aterako litzateke emakume-izena».

Nire ustez, eta honekin ere Eskisabelekin bat nator, hizkuntzak, garaian garaiko pentsaerari eta egitura sozialari erantzuten dio. Alda dezagun izena, izana aldatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!