Udazkeneko lehen egunetan, udako irakurketa lasai eta plazerezkoak alde batera utzi eta kurtso haserako zurrunbiloan sartu garenean, mantsoago, mantsoago, esaten diot nire buruari. Urteberriko promesa edo uda-osteko desioak. Eta ustekabean, kargu, karga edo zeregin berri bat gehitu dugu. Eta berriro diot: dugu. Ze, azken finean, guk jartzen dizkiogu lanak gure buruari. Guk geuk. Badirudi lanpetua egoteak «lasaitu» egiten gaituela krisialdi garaian.
«Slow people», «slow food», «slow city» (azkenaldian gure herriko ile-apaindegiren batean ere irakur daiteke) eta horrelako hitz anglosaxoi erakargarriak irakurtzen ditugu gero eta maizago. Eta konbentzitzen gaituzte. Guk nahi dugu mantsoago, poliki-poliki, erritmo lasaian sukaldatu, maitatu, garraiatu.
Baina, nola egiten da hori gaur egungo jendartean? Joxek bazekien. Joxek bere bilobei bertso zaharrak kantatuz jezten zituen behiak. Kontxitak ere bazekien. Ekonomikaren gainean zegoen lapikoari bista galdu gabe kontatzen zizkien ipuinak bere bilobei. Guri ahaztu egin zaigu. Pantailaren aurrean jartzen ditugu gure haurrak «lanak aurreratzeko».
Eta «slow life» edo antzeko izenburua duten dokumentalak ikusten ditugu, une batez antikapitalistak bihurtzen gara, merkealdietan ez dugula ezer gehiago erosiko promes egiten diogu gure buruari, gure haurrek behar baino askozaz ere gauza material gehiago dutela adosten dugu bikotearekin… Gero, bakoitza berera, korrika eta presaka, Laboak abesten zuen kantak dion bezala, «zertarako den bizitza jakitera iritsi gabe». Ikasturte on.