Bakarrik ezingo dugu

Erabiltzailearen aurpegia Pilar Legarra Kortajarena

Gizartearen erronkak gero eta handiagoak dira, eta nabarmena da horiei aurre egiteko modu berriak bilatu behar ditugula. Eguneroko albisteak entzun besterik ez dugu horretaz jabetzeko. Gerrak, genozidioak, hondamendi naturalak, bakardadea, etxebizitza bat erosteko ezintasuna, familia bat osatu ezina eta etorkizuna ziurtasunez eta ongizatez irudikatzeko zailtasuna dira, besteak beste, gure gizarteak aurrean dituen erronka handienetako batzuk. Erronka horiei aurre egiteko, komunitatearen indarra eta elkarlana ezinbestekoak dira.

Gizartearen ahuleziak, ordea, nabarmenak dira. Zatiketa, indibidualizazioa eta desberdintasuna dira gure gizartearen ezaugarri nagusietako batzuk. Horrek kohesio soziala, giza lotura egonkorrak eta betebehar zibikoekiko konpromisoa ahultzen ditu. Gizabanako guztiek behar dituzte harremanak; pertsonak animalia sozialak garela esan ohi da. Baina, gaur egungo gizartean, teknologiaren eraginez, sekula baino komunikatuago eta, aldi berean, sekula baino bakarrago gaude. Maila politikoan kokatzen ditugun gaiek ere eragina dute gure egonkortasun psikologikoan.

Konpromisoaren beharra nabarmena da, baina konpromiso iraunkorrak lortzea zaila da gaur egun. Gehienetan, norberarenarekin aski izaten dugu, eta horrek ez digu laguntzen gizartearen erronkei aurre egiten. Borondatearen esku ezin badugu utzi, zer egin dezakegu horren aurrean? Proposamen bat egin nahi dut: auzolan derrigortua.

«Borondatearen esku ezin badugu utzi, zer egin dezakegu horren aurrean? Proposamen bat egin nahi dut: auzolan derrigortua»

Pertsona bakoitzak bere bizitzako aldi bat eskaini beharko lioke gizartearen erronkei aurre egiteari: hilabete bat, bi, agian? Taldeak osatu beharko lirateke, jatorri eta egoera desberdinetako pertsonez: adinekoak eta langileak, bertakoak eta kanpotik etorritakoak. Hainbat lan egiteko eratuko lirateke taldeak: mendiak garbitzeko, hondamendiak prebenitzeko edo zaintza-lanetan parte hartzeko, besteak beste. Administrazioak ere parte hartu beharko luke, egitasmoak sortuko lituzkeen gastuei aurre egiteko baliabide publikoak eskainiz, hala nola ostatuari, elikadurari eta soldataren ordezkapenari dagozkien gastuak estaltzeko. Auzolan derrigortua izango litzateke, eta, noski, adin-tarte jakin bati lotuta egongo litzateke.

Derrigortasuna ez da oso ondo onartzen den zerbait, baina ziur nago talde-izaera horrek harreman berriak sortuko lituzkeela. Lan praktiko baten bidez, denbora batez behintzat, mundu digitaletik urruntzeko aukera emango liguke, eta gizarteari zerbait eskaini izanaren sentipena indartuko luke. Gero eta komunitate deseginagoetan bizi gara, eta helburu edo zeregin komunak partekatzea garrantzitsua da gizarte batu bati eusteko. Horrek guztiak antolaketa serioa eta egokia eskatuko luke, eta, seguruenik, ez litzateke erraza izango. Baina zergatik ez hasi amesten?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!