ELKARREKIN lortu dugu

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain KE 2023ko eka. 5a, 18:06

Zaila da atzo bizi genuena hitzetan espresatzea, edo gutxienez hain epe laburrean bizitako emozio guztiak jasotzeko hitz egokiak aurkitzea.

Oraindik egun batzuk beharko ditugu asteburuan lortutakoa barneratzeko eta baloratzeko. Denboraldian zehar izandako arazo ugari guztiak atzean utzi eta aurrera ateratzeko gai izan gara, urte hasieran gure buruari jarritako helburuak eta gehiago betez. Talde nagusiak zein bigarren taldeak maila igoera lortu dute, gure ametsetan ere ezin genuen bizipen hoberik irudikatu. ELKARREKIN haundia egin dugu!

Hau esanda, eskerrak emateko momentua iritsi zaigu eta ez genuke inor ahaztu nahi.

Greba dela eta azken hilabetean gure taldeek Usabal Kiroldegitik kanpo entrenatzen eta konpetitzen egon behar izan dute.

Mila esker Herrikide Ikastetxeari eta bereziki Gartxot Agirre zuzendariari trukean ezer eskatu gabe zuen instalazioak erabiltzeko aukera eman izanagatik, momentu zailenetan ondoan sentitu zaituztegu eta gure lorpenak ere zuenak kontsidera ditzakezue. Mila esker.

Eskerrik asko ere Anoetako Kiroldegiari eta Anoetako Udalari, martxoan zuen instalazioak erabiltzeko aukera emateagatik.

Eskerrik asko Antton Garro eta Tolosala AFKEri Uzturpen txoko bat egiteagatik behar izan dugunean.

Eskerrik asko lehen taldeko eta lurralde mailako talde ezberdinen jokalariei bizi izan ditugun une zailenetan pazientzia, konpromezua, elkartasuna eta esfortzua mahai gainean jarri duzuelako. Eskerrik asko neurri berean ere entrenatzaile, delegatu eta besteri. Zuek gabe hau ezinezkoa izango litzateke.

Eskerrik asko Kadete taldeari, beti taldea edozein tokitan hauspotzeko aukera egin duzuelako, zuek zarete gure elkartearen bihotza eta altxorrik preziatuena.

Eskerrik asko jokalarien aita, ama, neska-lagun, aiton, amona eta senitarteko eta lagun guztiei. Gurekin batera sufritu duzue Euskal Herriko zein Gipuzkoako txoko guztietan baina ziur gaude ere guk bezala ere gozatu duzuela. Zuengatik bideak merezi izan du.

Eskerrik asko gure zalegoari gurekin egin duzuen bide guztiagatik, beti hor egon zarete eta egongo zarete, une gogor eta xamurrenetan. Mila esker gu aukeratzeagatik.

Mila esker Jaione Esnaola, Gipuzkoako Federakuntzako Areto Futboleko idazkariari. Izaten duzun lan karga izanda ere beti hitz onekin eta laguntzeko prest hartzen gaituzu eta telefonoaren beste aldean.

Mila esker 28 Kanala, ATARIA, DV eta beste komunikabide guztiei gure berri eman eta urtean zehar egiten diguzuen jarraipenagatik.

Mila esker Aizpurua-ri gure bidaiak xamurragoak egiteagatik, eta mila esker zuzenean edo zeharka gurekin erlazioa duzuen edo izan duzuen guztiei bihotzez.

Bukatzeko, nola ez, eskerrak ematea Laskorain Ikastolari eta bereziki Iñaki, Ainhoa eta Anajeri proiektu honetan sinesteagatik. Zuek gabe hau ezinezkoa litzateke. Lana ez da faltako, baina ziur ondorengoak ere urrez idatziko ditugula elkarrekin.

Mila esker denei bihotzez, ELKARREKIN lortu dugu!!
1,2,3 LASKORAIN!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!