Norgehiagoka oso intentsitate handiko Juventud de Círculo batekin hasi zen, non Laskoraini arnasik hartzen ere ez zion uzten. Partiduan sartu ezinik zebiltzan tolosarrak eta hori aprobetxatuz, Burgoseko taldeak norgehiagokako aurreneko bi golak egin zituen, defentsako akats batzuk zirela eta. Zati erdia igarota, Kattak markagailuan distantzia murriztu zuen area kanpotik eginiko tiro baten bitartez (2-1). Bi taldeentzat ziren aukerak, baina gola sartuko zuena Juventud izango zen, beraien hirugarrena, kontraeraso batean. Aurreneko aldia bukatzeko minutu gutxiren faltan zirela eta Laskorainek lan egiteari utzi gabe, gogor presionatu zuten jokaldi batean Mujikak egin zuen taldea partiduan berriro sartzeko gola (3-2).
Bigarren zatia aurrenekoaren amaieraren antzera hasi zen, partidua paretsu zegoelarik. Aurreneko minutuan tolosarrek atsedenaldian hartutako arnasa nabaritu zuten, izan ere, aurreneko minutuan estrategiako jokaldi on baten bitartez Eñautek berdinketa lortu zuen. Hala ere, aurretik jartzeko itxaropenak ez zuen denbora askorik iraun horitxoen buruetan, zorte txarreko jokaldi batean Burgoseko taldeak laugarren gola sartu zuelako. Minutuak aurrea joan ahala, Laskorain aukerak izaten ari zen eta momenturik on batean zegoela, faltaz izugarrizko galu sartu zien etxeko taldeak, distantzia are eta gehiago handituz (5-3). Hori gutxi balitz, segituan epaileek penalti bat adierazi zuten, tolosarren jokalarietako batek baloia eskuarekin ukitu zuela arrazoituz. Nola ez, penaltia golean bilakatu zuten. 8 minuturen faltan Laskorain bosteko jokoarekin saiatzen hasi zen. Baloia ondo mugitu zuten baina berikaltasun falta nabaria zen. Gauzak horrela, bi minuturen faltan Juaristik taldearen laugarrena sartu zuen, baloia ondo mugitu zuten jokaldi batean (6-4).
Laskorain taldea ez dabil bere onena erakusten, azkeneko 8 norgehiagokatik bakarra irabazi baitu. Nahiz eta denetan lehiatu eta paretsu ibili, ez dira gai markagailuan joko hori azaleratzeko. Larunbat honetan Euskal Herriko kopako partidua dute Pasaia Antxon, iluntzeko 20:00ean, ligako bolada txar hau atzean uzteko aukera eder bat izango du taldeak eta hurrengo ligako partiduari begira konfiantza lortzeko ere bai.
Hasierako bostekoa: Narvarte (A), Katta, Gaba, Paul eta Eñaut.
Juaristi, Josu, Mujika, Arra, Manso, Cuadrado eta Alexek (A) ere jokatu zuten.