Norgehiagoka bi taldeak goran eta gogor presionatuz hasi zen. Kanpoko taldea, Guadalajara, bakarkako jokaldiak bilatzen saiatzen zen gehienbat, izan ere baloiarekin oso trebeak ziren jokalari batzuk zituzten. Aurreneko gola, Laskorainek bere area inguruan galdutako baloi baten ondorioz etorri zen, non aurkariek ez zuten hutsik egin baloia atean sartzerako garaian. Minutu batzuk geroago iritsi zen berdinketa, bandako sake batean Kattak gola eginik. Hala ere, Guadalajarakoek erritmoa igo eta berriro ere aurretik jartzea lortu zuten, lehen aipatutako bakarkako jokaldi horietako batekin. Gol horren lasaitasunak ez zien gehiegi iraun, izan ere, Mujikak talde tolosarrerantzat berdinketaren gola egin zuen kontra eraso batean. Hurrengo jokaldian ordea, Guadalajarakoek markagailuan aurretik jartzeko gaitasuna izan zuten atsedenaldira joan baino lehen, zorteak lagundutako jokaldi batean (2-3).
Bigarren zatiaren aurreneko jokaldia, oso garrantzitsua izan zen horitxoentzat. Gabaren jokaldi batetik abiatuta Kattak norgehiagoka berdintzea lortu zuen. Gol honek askorako balio izan zuen, lanean gogor jarraitzeko eta itxaropenarekin jarraitzeko batez ere. Minutuak aurrera, Guadalajara inoiz ez bezala saitzen zen gola egin eta aurretik jartzen, baina tolosarrek hauen irmotasuna erakutsi zuten. Laskorainen laugarren gola, Mansok eginiko jaurtiketa baten ondorioz, Eñautek golean bilakatu zuen jokaldi hura. Bi taldeak lehiakor jarraitzen zuten nahiz eta golik ez egin. Azkeneko gola horitxoek egin zuten, denok galdutzat eman zuten baloi bat Gabak harrapatu eta Paulei pase on bat sartu ondoren, azken honek ez zuen huts egin (5-3). Azken minutuetan, bosteko jokoarekin saiatu zen Guadalajara, baina ez zuten golik egiteko aukerarik izan, defentsa sendoa eta Narvarteren erakustaldia zirela medio.
Hiru puntuak etxean geratzea lortuta, larunbat honetan Ibarrarteren aurka jokatuko dute Nafarroan, ligako kantxa zailenetako batean. Dinamika onarekin jarraitzeko lan egingo dute horitxoek.
Hasierako bostekoa: Odei (P), Juaristi, Manso, Gaba, Katta.
Mujika, Beñat, Josu, Paul, Eñaut, Arra eta Narvartek (P) ere jokatu zuten.