Esku hutsik Cuellarretik

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain KE 2020ko ots. 5a, 11:17

Talde tolosarra pasa den larunbatean Segoviako Cuellar herritik porrot batekin etorri zen etxera, irabazi beharrekoa zuen norgehiagokaren ondoren.

Norgehiagoka, bi taldeak goran eta intentsitate handiarekin presionatuz hasi zen, talde segoviarra batez ere. Laskorain naiz Cuellar partiduan sartuta zeuden eta gol aukerak bi aldeetan ematen ziren. Kanpoko taldeak egingo zuen, hala ere, aurreneko gola, area kanpotik Mujikak eginiko jaurtiketa baten bitartez. Minutu batzuk geroago iritsiko zen berdinketa, taldeko jokaldi batekin horitxoen defentsa nahasiz. Talde tolosarrak lanean jarraitu zuen eta berriro ere, aurretik jartzea lortu zuen Kattak atezainaren aurrean maisuki asmatu zuelarik (1-2). Markagailuko alde horrek ez zuen denbora askorik iraun, izan ere, pare bat minutu geroago, alboko sake baten bitartez berdinketa lortu zuen etxeko taldeak. Hori gutxi balitz, atsedenaldira joan aurretik, Cuellarrek zorte handia izan zuen jokaldi batean aurre hartu zien Laskoraingo jokalariei.

Bigarren zatia nahiko paretsu hasi zen nahiz eta Cuellarrek intentsitatea jaitsi beharra izan zuen, aurreneko denboran fisikoki oso lan gogorra egin baitzuen. Hori zela eta, horitxoek ahulgune horri probetxua atera eta aukerak bata bestearen jarraian edukitzen hasi ziren, beti ere golik egin gabe. Minutuak pasatzen ziren baina markagailua geldik zegoen. Penalti bat jaurti zuen Kattak, baina atezainak izugarrizko geldiketa egin zion, horrelakoetan beti asmatzen duen Kattari. Gerora, bigarren txartel horia ikusita kaleratu zuten epaileek. Etxeko taldeak bat gehiagorekin zeudela sartu zieten 4 eta 2koa Narciso Pavoren mutilei. Tolosarrek besoak jaitsi gabe, bi penalti bikoitz jaurti zituzten, baina atezainak geldiketa paregabeekin aldendu zituen jaurtiketak. Azken 30 segundotan aldea murrizteko gai izan ziren bosteko jokoan, Eñauten gol batekin (4-3).

Irabaztekoa zen norgehiagoka batek alde eginda, larunbat honetan beste aurkari zuzen bat jasoko du Laskorainek, Guadalajara, larunbat honetan, hilaren 8n, 18:30ean, Usabal kiroldegian.

Hasierako bostekoa: Narvarte (A), Juaristi, Manso, Arra, Katta.
Mujika, Gaba, Josu, Paul, Eñaut eta Alexek (A) ere jokatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!