Tolosarrak izan ziren lehen minutuen jabe Beñat Ugartemendia eta Eñauten bitartez 2-0 ezarri baitzuten markagailuan 10 minuturen buruan. Emaitza honen aurrean nafarrek zalantzaz beteriko jokaldi batean 2-1 ipini zuten. Partiduaren erritmoa oso bizia zen eta harmailak betetzen joan ziren minutuak pasa ahala. Aldageletara joateko 5 minutu falta zirenean Beñat Ugartemendiak beste behin baloia sareratzea lortu zuen bakarkako gol ikusgarri baten bidez. Bestalde, atsedenaldira joateko 20 segundo falta zirelarik defentsan eginiko akats baten ondorioz 3-2 ezarri zuten iruñakoek.
Bigarren zatiak lehenaren antzera gol asko izan zituen. Ikastolakoek erritmo bizia ipiniz hasi zuten bigarren zatia baina beste behin estrategiako bi jokaldi gaizki defenditzearen ondrioz, nafarrek markagailua irauli zuten 3-4 ezarriz. Momentu horretan usabalgo harmailen bultzadari esker bi minuturen buruan Juaristi JR-n bidez partidua berdintzea lortu zuten horitxoek zortez beteriko estrategia jokaldi batean. Gola sartu eta hurrengo jokaldian San Juaneko atezainak txartel gorria ikusi zuen areaz kanpo eginiko falta argi baten ondorioz. Une egokia zen markagailuan aurretik jartzeko eta kantxan jokalari bat gehiago edukitzeari abantaila atera zioten ikastolakoek Josuk eginiko golaren bitartez. Minutu eta erdi falta zelarik partidua amaitzeko nafarrek atezain jokalaria atera zuten arrisku handiko hainbat jokaldi sortuz Alex-en atearen aurrean. Horietako aukera batean iritsi zen berdinketa horitxoek beste behin defentsan eginiko akats baten ondorioz.
Usabalgo zalegoak areto futboleko intentsitate eta emozio handiko partidu bat ikusteko aukera izan zuen usabalgo harmailetan eta aipatu beharra dago bi taldeek izan zutela partidua irabazteko aukera. Horrenbestez, eskerrak besterik ez taldea animatzera hurbildu zen zale, lagun eta familikoei.