Puntu garrantzitsua 2019 hasteko

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain KE 2019ko urt. 15a, 20:46

Narciso Pavoren mutilek itxura ona eman zuten Zaragozan jokatutako partiduan AD Sala 2012-ren aurka.

Emozio handiko partida jokatu zen bi talde parekatsuen artean. Sailkapenak argi adierazten zuen bi taldeen arteko berdintasuna puntu bateko diferentzia baitute haien artean. 

Lehen zatiari dagokionez, horitxoak izan ziren lehen minutuen jabe hainbat aukera garbi sortuz eta Aitorren atea defentsa tinko baten bidez babestuz. Bestalde, bost minutu pasa ondoren etxeko taldea egin zen partiduko jaun eta jabe presio itogarri bat ezarriz tolosarren kantxan eta baloia abiadura handiz mugituz. Minutu zail horietan Aitorrek merituzko hainbat geldiketa egin zituen baina ezin izan zuen gauza handirik egin etxekoek korner baten bidez sarturiko golean. Atsedenaldira 1-0ko emaitzarekin iritsi ziren bi taldeak.

Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren antzekoa izan zen. Tolosarrek beraien jokua ezarri zuten intentsitate handiko presioa eginez AD Sala-ren kantxan eta lehen aukerak horitxoenak izan ziren. Aukerak gero eta argiagoak ziren baina etxeko atezainak merituzko hainbat geldiketa egin zituen. Aipatu beharra dago etxeko taldeak hainbat aukerekin erantzun zituztela tolosarren gol saiakerak eta aukera garbi horien aurrean Alex "katua" balitz bezela aritu zen geldiketa ikusgarriak eginez. Partidua amaitzeko 5 minutu falta zirelarik, aurkako kantxan eginiko presio onari esker, Beñat Ugartemendiak banakoa ezarri zuen markagailuan. Azken minutuak emozio handikoak izan ziren eta bi taldeek aukerak izan zituzten 3 puntuak lortzeko.

Kiroldegira hurbildu zen jendeak areto futboleko emozio handiko partidu bat ikusteko aukera izan zuen. Taldeak lortutako puntua positibotzat hartu du 2019 hau hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!