Liderraren aurka, porrota

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain KE 2018ko abe. 18a, 23:26

Pasa den larunbatean Usabalgo harmailak beterik zirelarik Pinseque eta Laskorainek kalitate handiko areto futbol erakustaldia eskaini zuten.

Partidu intentsitate handiz hasi zen bi taldeak bestearen atea bilatzeko saiakeretan zirelarik. Zaragozakoen kalitatea eta esperientzia nabarmendu ziren partiduko lehen minutuetan horitxoak urduri atera baitziren. Gainera, 5. minutuan defentsan egindako akats baten bidez Pinsequeko kapitainak penalti bat lortu zuen bere esperientzia erabiliz; atezainaren aurrean ez zuten barkatu markagailuan 0-1 ezarriz. Minutuak aurrera joan ahala, ikastolakoak erosoago sentitzen hasi ziren kantxan eta aukera garbiak eduki zituzten nahiz eta ez zuten asmatu atezainaren aurrean. 2B mailan esan ohi da horrelako aukerak ez aprobetxatzeak ondorioak ekartzen dituela norberaren atean eta bete betean asmatu zuen ligako "atsotitz" honek. Atsedenaldira 0-3 ko emaitzarekin iritsi ziren tolosarrak; kanpotarrek defentsan eginiko bi akats ez zituzten barkatu eta bi gol gehiago sartu zituzten Aitorren atean. Bestalde, aipatzekoa gure Aitor "katua" balitz bezala mugitu zen kanpotarren hainbat aukera ezerezean utziz.

Bigarren zatian horitxoek ohorea atera eta lehen minutuetan 1-3 koa sartzea lortu zuten Beñaten bitartez. Tamalez, poz hau ez zen denbora luze batean mantendu Usabalgo harmailetan zaragozarrek kontra eraso baten bitartez markagailuan 3 goleko distantzia ipini baitzuten. Emaitza honen aurrean ikastolakoek aukerak sortzen jarraitu zuten baina ez zuten asmatzen Pinsequeko atezainaren aurrean. Azken minutuetan, atezain jokalaria erabiltzea erabaki zuten azken saiakera izango balitz bezala. Esan beharra dago aukera garbiak sortu arren, atezain jokalariaren erabilera ez zela eraginkorra izan ikastolakoentzat. Horrenbestez, eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen taldea animatzera hurbildu zen zalego guztiari.

Hasierako bostekoa: Aitor, Juaristi, Gaba, Katta eta Juaristi JR. Parte hartu zuten Alex, Beñat (C), Beñat U, Lasa, Vazquez, Manso eta Paul.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!