Laskorainen garaipen garrantzitsua Calatayuden

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain KE 2018ko azaroaren 12a

Manso izan zen golegiletako bat

Garaipen garrantzitsua lortu zuten etxetik kanpo Narciso Pavoren mutilek.

Larunbat honetan Calatayudera bidaiatu zuten horitxoek 3 puntuak eskuratzeko helburuarekin. Partidan ez ziren fin sartu eta lehen minutuan etxeko taldeak lehen abisua eman zuen Aitorren atean.

Egoera honen aurrean, ikastolakoak intentsitatea handitu eta beraien jokoa ezartzen hasi ziren aurkariaren defentsaren bizkarra bilatuz. Jokaldi hauen bidez, zenbait aukera garbi sortu zituzten baina ez zuten golik sartzea lortu. Minutu batzuen buruan, Gabak egindako bakarkako jokaldian, bere jaurtiketa ez zuen behar bezala aldaratu atezainak. Aldaratzea baliatuz, Kattak indartsu sareratu zuen baloia "Ferrao"-en modura 0-1ekoa ezarriz markagailuan.

Bigarren zatian Zaragozako taldeak intentsitatea igotzearen eta tolosarrek defentsa atzeratzearen ondorioz, etxekoen hainbat jaurtiketa jasan zituzten horitxoek. Minutu zail horietan aipatzekoa da Alex atezainak emandako erakustaldia, aurkariak bere onetik atera zituen geldiketa ikusgarri batzuen bitartez. Nahiz eta Alex "Benji Price" moduan ibili, defentsa tolosarrak izandako akats baten ondorioz, etxekoek berdinketa ezarri zuten markagailuan.

Emaitza honen aurrean, horitxoek intentsitatea igo eta hurrengo bi jokaldietan 2 gol sartu zituzten Manso sukaldariaren eta Beñat Balerdi "The Rock"-en bidez. 2 gol hauek segurtasun handia eman zioten taldeari eta gol horietako bat astean zehar landutako jokaldi bati esker izan zen.

1-3ko emaitzari buelta eman nahirik, aurkariak atezain jokalaria ateratzea erabaki zuen baina horitxoen defentsa trinkoari esker ez zuten aukera garbirik sortu. Partida amaitzeko 2 minutu falta zirelarik Juaristik defentsan lapurtutako baloia frankotiratzaile baten zehaztasunarekin bere area eremutik sartu zuen golak amaierako 1-4koa ezarri zuen markagailuan.

Zaragozan lorturiko 3 puntuei esker Laskorain 7. jarri da sailkapenean eta hurrengo larunbatean Zierbenaren aurka jokatuko du Usabalen 3 puntuak eskuratzeko helburu garbiarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!