Laskorain K.E.-ren lehen garaipena 2B mailan

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain KE 2018ko urr. 7a, 16:04

Narciso Pavoren mutilek lehen garaipena lortu zuten Guadalajararen aurka.

Igandean jokatutako partidak Usabaleko harmailak bete zituen, 12:00etan jokatu zen partidan. Aurkaria ez zen erraza, kategoriako lidertzan baitzeuden Guadalajarakoak.

Partida ez zen hasi horitxoek nahi bezala, egindako akats batek aurretik jarri baitzituen Gaztela-Mantxakoak. Taldeak segituan erantzun zuen Beñat kapitainak sartutako golaren bitartez. Atsedenaldira banakoarekin iritsi ziren bi taldeak baina laskorainekoen sentsazioak oso onak ziren ateari begira.

Atsedenalditik erritmo biziarekin atera ziren kantxara horitxoak; Beñat eta Josuren bitartez 2-1ekoa eta 3-1ekoa ezarri zuten tolosarrek 9 minuturen faltan. Emaitza ikusita, kanpotarrek atezain jokalaria erabiliz berdindu egin zuten markagailua bi minuturen buruan.

Etxekoek ez zuten burua jaitsi eta Juaristiren bitartez 4-3 ezarri zuten kanpotarrei atezain jokalaria ateratzea behartuz. Aurreko bi goletatik ikasia zuten lezioa, eta Narciso Pavok atezain jokalariaren defentsan zenbait aldaketa egin zituen. Kanpotarrek ez zuten lortu golik egitea.

Hori gutxi ez eta Gabak baloia lapurtu eta 5-3ekoa ezarri zuen, eta gutxira, harmailetan zeuden zaleak zutik jarri zituen Juaristik, 6-3ko gol ikusgarria sartu baitzuen.

Nabarmendu beharrekoa da horitxoen defentsa lanak. Ezin ahaztu Usabal bete zuten zaleak.

Hasierako bostekoa: Aitor (P), Juaristi JR, Gaba, Katta eta Juaristi. Parte hartu zuten: Alex, Josu, Paul, Beñat (K), Manso eta Vazquez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!