Garaipen garrantzitsua eskaini zion Laskorainek Usabalgo zalegoari (4-3)

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain KE 2018ko mar. 25a, 21:28

Lehenengo zati ikusgarri batek hauspotuta, garaipen garrantzitsua lortu zuen talde horitxoak atzo jendetza baten aurrean.

Festa giroa bizitu zen atzo Usabalen. Partidaren garrantziaz jabetuta, klubaren deiari modu ikusgarrian erantzun zioten zaletuek eta aspaldiko partez jendetza bildu zen. Ikastolakoen kamiseta ugari ikusi ahal izan ziren harmailetan.

Taldeak lehenengo zati ikusgarria egin zuen, defentsan oso serio hasita, eta aurreneko minutuen nagusitasuna goletan bilakatzen joan zen. Zazpigarren minutuan Juaristik gola egin zuen falta atera osteako jokaldian, jaurtiketa indartsu batez.

Bigarren gola modu ikusgarrian egin zuen Beñatek bederatzigarren minutuan, zaletu horitxoen gozamenerako. Bere arean zegoela, kanpotarren atezaina aurreratuta nabaritu zuen eta baita jaurtiketa egin ere, sekulako gola lortuz.

Zoramenaren erdian, sustoren bat eman zuten Afantxokoek, baina ondo erantzun zuen Alexek. Segituan hirugarren gola etorriko zen etxeko taldearentzak, Mikel Juaristiren bitartez, hamairugarren minutuan.

Etxeko taldea hiru eta hutsekoarekin bere burua ikusita, tentsio puntu bat galdu zuen eta pasaitarrek sendotasunez jarraitu zuten gola lortu arte. Lehenengo zatia amaitzeko bi minutu falta zirenean lortu zuten, Alexen aurrean indar handiz baloia sareetara bidalita.

Atsedenaldian, Laskoraingo kamiseta jantzita zeramaten gaztetxoenekin joko bat egin zen eta kantxa erditik jaurtitzen hoberena suertatu zenak baloi bat eraman zuen etxeera sari modura. Honen amaieran egin zen ere, partidarako prestatuko sariaren zozketa.

Kanpotarrak guztiz konbentzituta itzuli ziren atsedenalditik eta sekulako indar erakusketa egin zuten lehen minutuetan, Alexi atepean sekulako lana emanez. Etxekoak dena den ez ziren kikildu eta bitan Juaristik zurtoina jo zuen. Afantxokoek aldiz, langarekin erantzun.

Partida horrela zegoelarik, Antxokoen bigarren gola polemikaz iritsi zen ordea. Jaurtiketa baten ostean Alexek baloia marraren gainean hartu zuela argudiatu zuten etxekoek baina epaileek gola eman zuten. Mikel Juaristi, protesta egiteagatik bigarren horia ikusi eta kaleratua izan zen.

Lau eta bikoarekin, eta zazpi minutu faltan gola lortu zuen Eñautek. Oso goian egindako presioari esker baloia lapurtu eta sareetan jarri zuen. Kanpokoek atezain jokalariari esker lau eta hirukoa jarri zuten minutu baten faltan eta dexente sufritu ostean markagailua ez zen gehiago mugitu.

Urrezko hiru puntu talde horitxoarentzat (4-3), merezitako bi asteko deskantsua izango duelarik, atseden hartu eta liga amaierako borrokari modu ezinhobean aurre egiteko. 

Taldeak, lerro hauen bitartez, animatzera bertaratu ziren guztiei eskerrak eman nahi dizkie bihotzez, emandako indarragatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!