Larunbatean eman zion hasiera Laskorainek 2015-2016 denboraldiari, Villabonako Egintzaren aurka. Irabaziz, gainera. 6-4 irabazi zuten Aitor Garciaren mutilek.
Segituan aldeko jarri zitzaion neurketa talde tolosarrari, Lakunek neurketako lehen gola lortu baitzuen lehen minutuetan. Villabonako taldearen akats baten ondorioz iritsi zen bigarren gola. Etxebek baloia sareratzea lortu zuen estrategia jokaldi bat modu ezin hobean amaituta.
Hortik aurrera partida zoratu egin zen. Egintzak aldea murriztea lortu zuen, markagailuan 2-1ekoa ipiniz. Jonikok, hainbat saiakeren ondoren, berriro ere bi goleko errenta eman zion etxeko taldeari, baina Egintzak segituan sartu zuen bere bigarrena. Atsedenaldirako segundo gutxi batzuk falta zirela Jon Aranburuk 4-2koa jarri zuen. Talde horitxoarekin debuta modu onean egin du, beraz, pasa den urtera arte Tolosalarekin jokatzen zuen gazteak.
Bigarren zatia ez zen batere ondo hasi. Kontzentrazio akatsak izan zituen Garciaren taldeak, eta Egintzak bi jokalditan partida berdintzea lortu zuen. Larritasunak iritsi ziren orduan, defentsan nahiz erasoan. Horrek zenbait oker egitera bultzatu zuen taldea.
Tentsioko uneak ziren, eta jokaldietako batean Egintzako jokalari batek bigarren txartel horia ikusi zuen. Jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen taldea, eta egoera hori aprobetxatu zuen Laskorainek. Balerdik bi gol sartu zituen, bigarrena penaltiz.
Azkenean, 6-4. Ez zen partidu ikusgarria izan joko aldetik, baina denboraldia hasteko garaipena beharrezkoa zuen Laskorainek.
Sailkapena
1- Elorrioko ......... 3 (+8)
2- Bilbo ................ 3 (+5)
3- Goierri ............. 3 (+5)
4- Presion Break.. 3 (+3)
5- Laskorain ..... 3 (+2)
6- Sasikoa ............ 1 (+0)
7- Legorreta ......... 1 (+0)
8- Meatzari ......... 0 (+0)
9- Soloarte ........... 0 (+0)
10- Egintza ............ 0 (-2)
11- San Jorge ........ 0 (-3)
12- Internacional... 0 (-5)
13- Lagun Onak..... 0 (-5)
14- Ostadar .......... 0 (-8)