Garaipenaren zaporeko berdinketa Laskorainentzat

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain KE 2015ko mar. 3a, 08:55

Hiruna berdindu zuen Aitor Garciaren taldeak Bilboren aurka, 3-0 galtzen joan ondoren.

Aurreko astean Goierriri irabaztetik zetorren Bilboren aurka jokatzea egokitu zitzaion Laskoraini. Bizkaitarrentzat garaipena beharrezkoa zen lidertzara urbiltzeko, eta nahiz eta ia partidu guztian aurretik joan, talde horitxoaren azken minutuetako lan onak berdinketarekin utzi zuen azken markagailua.

Gogor hasi zuten norgehiagoka bilbotarrek, lehen minutuetan nagusi izan ziren ohiko duten beraien presioko defentsarekin. Lehen minutuetan hainbat abagune izan zituzten baina Aratzek egindako lan onak ezerezean utzi zituen. Minutuak pasa ahala, Laskorain bere tokia aurkitzen joan zen eta bere lehen aukerak sortu zituen. Hala ere, horitxoen atezainari pitatutako bost segundo eztabaidagarri batetik etorritako falta jaurtiketa batetan, 1-0ekoa sartzea lortu zuen talde bizkaitarrak. Atsedenaldira iristeko gutxi falta zela, baloia ondo mugitutako jokaldi batean 2-0 gola sartu zuten bilbotarrek, partidua maldan gora jarriaz tolosarrei.

Bigarren zatia desberdin hasi zen, etxekoek fisikoki behera egin zuten eta hau baliatuz talde horitxoak gora egin zuen. Baina nahiz eta baloiaren jabe izan, ez zuten abagune garbirik sortzen. Gainera, kantxa erdian lapurtutako baloi batekin Bilbok 3-0ekoa egitea lortu zuen. Denbora aurrera zihoan, eta Laskorain ez zen gai min handirik egiteko defentsan eroso zegoen Bilbo sendo bati. Hau kontutan hartuta, Aitor entrenatzaileak atezain jokalaria ateratzeko erabakia hartu zuen 6 minutu faltan.

Joko ona eginaz aukerak sortzen hasi zen talde horitxoa, langara bidali zuten baloia bi aldiz, baina ez zuten lortzen lehen gola egitea. Azkenean, atezain jokalariari etekina aterata 3-1 sartu zuen Jonikok bigarren zutoinean Beñat Balerdik egindako pase on bat bultzatuaz.

4 minutu geratzen ziren oraindik eta urduritasuna nabaritu zen etxeko taldean. Baloia berehala galtzen zuten hauek, eta horretaz baliatuz, beste jokaldi on batean taldeak baloia aldenik alde bikain mugituaz Etxebek 3-2koa sartu zuen bigarren zutoinean Jonikok emandako pase bat sareratuaz. Hortik gutxira, aurreko golaren jokaldi antzeko batekin Etxebek berdinketaren gola sartu zuen, oraingo honetan Zumetak egindako pase on bat aprobetxatuaz. Minutu bakarra geratzen zen partidua amaitzeko, eta nahiz eta Bilbo taldea atezain jokalariarekin saiatu, horitxoen defentsa onak ezerezean utzi zituen saiakera hauek, meritu handiko 3-3ko azken markagailua lortuaz.

Puntu baliotsu bat lortu izanaren sentsazioarekin bueltatu ziren Tolosara Aitor eta Javi prestatzaileak, Aratz, Beñat, Gil, Lakun eta Joniko -haserako bostekoa- Murgi, Manso, Etxebe, Arkaitz, Zumeta eta Vazquez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!