Azken denboraldietan mamu beltza bilakatu den Intxaurrondoko Inter taldearen bisita jaso zuen larunbat arratsaldean Usabalen Laskorain taldeak. Arerio gogorrari eta taldeak dituen jokalari lesionatuekin aurre egin behar izan zion partidari puntu baliotsu bat lortuz.
Partida Interren baloi jabetzarekin hasi zen, Laskorainen zonakako defentsa gainditzeko espreski diseinatutako eraso posizional bat jorratuaz. Tolosarrak ordea, ondo kokatuta zeuden beraien kontraeraso aukera noiz iritsiko zain. Minutuak pasa ahala partiduaren erritmoa jaitsi egin zen eta errespetua nagusi zen kantxan. Horrela, presiotik gaizki ateratako jokaldi batean donostiarrek arratsaldeko lehen gola egin zuten. Aurreko urteetan ez bezala, taldearen animoa ez zen jaitsi eta lanean jarraitu zuten berdinketaren bila, Jonikok asmatu zuelarik bigarren zutoinean jasotako pase baten ondorioz.
Atsedenalditik bueltan, Aitorren taldeak argi zuen 20 minutu luzez borrokatu beharko zutela jokoan zeuden 3 puntuak etxean geratzeko. Ikastolakoak aukerak pilatzen hasi ziren pixkanaka, baina, punteria faltak batzuetan eta kanpoko atezainaren geldiketa onen ondorioz besteetan ez zuten asmatzen markagailua mugitzen. Arratsaldeko minutu onenak ziren etxekoentzat, baina, askotan gertatzen den bezala, kanpoko taldeak falta bat baliatuaz eta kontraeraso batean bere aldea handitzea lortu zuen 1-3ko arriskutsu bat ipiniaz.
Berriro ere atzetik zen taldea eta lanerako buzoa jartzea tokatzen zen, aurten inoiz baino hobeto lehiatzen ikasi duen taldea dela frogatuaz. Horrela, larunbatean kapitainaren besokoa zeraman Jonikok aldea murriztea lortu zuen taldearen animorako. Ez zuen asko iraun pozak, izan ere, 10 metroetatik egindako jaurtiketa baten ondorioz Intxaurrondokoek 2-4ko emaitza kezkagarria lortu baitzuen.
Bi aldiz pentsatu gabe, Aitorrek atezain-jokalaria ipini zuen eta ezin hobeto atera zitzaion apustua. Izan ere, bi jokaldietan partidua berdintzea lortu baitzuen, astean zehar egindako lanak eta pizarrak bere fruituak ematen dituela frogatuaz. Minutu eta erdi geratzen zen eta atezain-jokalariak emandako errendimendua ikusirik, partiduaren bila joateko agindua eman zuen entrenatzaile tolosarrak baina markagailua bere horretan geratuko zen.
Puntu bat zakuan eta lider bezala bisitatuko du aste honetan Durangoko Sasikoa bigarren sailkatua, Larunbatean Usabalen izan ziren, Iker, Beñat, Etxebe, Lakun, Joniko –haserako bostekoa- Katta, Mendi, Zumeta, Xabat, Manso eta Eñaut jokalariek, Aitor eta Javi entrenatzaileek eta Javi delegatuak.