Laskorainen garaipena Santurtziko San Jorge taldearen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain KE 2014ko mar. 25a, 16:01

Azken bi asteetako bolada txarrari amaiera eman zion ikastolako taldeak Santurtziko San Jorgeri partidua irabazi ostean. Bizkaitarrek sailkapeneko azken postuak uzteko asmotan egin zuten bidaia eta, nahiz eta Laskorainek partidu onik ez egin, hiru puntuak etxean geratu ziren.

Presioan oinarritutako defentsa batekin hasi zuten neurketa horitxoek, bizkaitarren baloi irteera oztopatu eta hauen ate inguruan lapurtutako baloiekin min egiteko asmotan. Intentsitate faltagatik behar bada, lehen bost minutuetan ikastolakoek ez zuten behar adina baloi lapurtu, baina erasoko jokaldi batetan, "Mister Potato" Katta jokalari gazteak bigarren zutoinera egindako jaurtiketa bat, bikain aprobetxatu zuen Zumetak arratsaldeko lehen gola egiteko.
 
Gol honek ez zituen partiduaren nondik norakoak aldatu, santurtziarrek garaipenaren bidean lanean jarraitu zuten eta Laskorainek gaizki defendatutako eta beraiek ongi egindako jokaldi batetan berdinketaren gola lortu zuten. Atsedenaldira emaitza honekin iritsiko zela bazirudien ere, azken minutuetan bisitarien ate inguruan egindako presio on baten ostean Zumetak baloia lapurtu eta Etxeberi ate aurrean bakarrik utzita, honek aurretik jarri zuen berriro ere etxeko taldea.
 
Bigarren zatian, aldea areagotzeko, intentsitatea handitzeko asmotan kantxaratu ziren horitxoak. San Jorge taldearentzat garrantzitsuak ziren hiru puntuak eta hauek lortzeko asmotan erasoan jarraitu zuten. Honela, Endikaren ate inguruan baloia ongi mugitutako jokaldi batetan jaurtiketa bat egin eta Zumetaren oinetan jo ondoren ate barrura joan zen baloia 2-2koa igoaz markagailura. Gol honek konfiantza eman zien bizkaitarrei eta erasoan baloia gehiago arriskatzen hasi ziren. Hau aprobetxatuaz, Gilek lapurtutako baloi bat kontraeraso batean bilakatu zen, eta baloia Etxeberi  eman ostean, honek aurkari bat atzean utzi eta Josu "Quagmire" ate aurrean bakarrik utzita Laskorainen hirugarren gola etorri zen.
 
Bost minutu falta zirenean partidua amaitzeko santurtziarrek atezain jokalariarekin saiatu ziren baina horitxoak izan ziren arratsaldeko azken bi golak egin zituztenak. 4-2koa Zumetak egin zuen, Murgik bikain eramandako kontraeraso bat maisutazunez definituaz. 5-2koa Etxeberen eskutik etorri zen kantxa erditik egindako jaurtiketa bati esker, atezainik ez zegoela aprobetxatuaz. Emaitza honekin amaitu zen partidua Usabalen, arratsaldeko hoberena emaitza izan zelarik horitxoentzat eta bertara gerturatutako Tolosalako ikuskatzaileentzat.
 
Hirugarren postua defendatzeko aurrera pausoa emanda gustora atera ziren Aitor eta Javi prestatzaileak, Aratz, Gil, Etxebe, Lakun eta Zumeta -haserako bostekoa-, Endika, Josu,Katta, Murgi eta Manso jokalariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!