Berdinketa Laskorain eta Sasikoa taldeen arteko partidan (2-2)

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain KE 2013ko abe. 9a, 14:49
Lider ohia bizirik irten da Usabaldik

 

Durangoko Sasikoa taldearen aurka jokatzea egokitu zitzaion larunbat arratsaldean Laskorain taldeari. Bizkaitarrak lider postua defendatzeko asmoarekin bidaiatu zuten, berdinketa baliotsu batekin itzuli zirelarik.

Goiko postuetan jarraitzeko hiru puntuak beharrezkoak zirela eta, partidaren bila joateko asmoarekin kantxaratu ziren horitxoak. Hasieratik intentsitatea eman nahi izan zien partidari, baina bizkaitarrek egindako defentsa onak ezerezean utzi zituen etxeko taldearen ahaleginak, baloia Laskorainek zuen baina liderra zen aukera garbienak sortzen zituena.

Honela, arriskurik ez zegoela ematen zuen alboko sake batetan 0-1ekoa sartzea lortu zuen Sasikoa taldeak. Maldan gora jarri zitzaion beste behin partida talde horitxoari eta ez zen gai izan erreakzionatzeko bigarren zatira arte.

Atsedenaldia ongi etorri zitzaien Aitorren mutilei, aldageletan egindako zuzenketek bere fruitua eman zuten, eta bigarren zati hasieratik arriskua sortzea lortu zuen liderraren ate inguruan. Partida joan etorri batean bilakatu zen eta hauetako jokaldi batetan, Joniko ate aurrean geratzera zihoala falta bat jaso eta kanpotarren jokalari bat kaleratzea lortu zuen. Honela, bi minutuz jokalari bat gehiagorekin jokatzeko aukera izan zuen Laskorainek. Aukera ugari huts egin zituen egoera honetan, baina bi minutuak bukatzear zeudela Murgi arkakuso atomikoak berdinketaren gola egin zuen hamar metrotako jaurtiketa batekin.

Gol honen ondoren ikusi ziren Laskorainen momenturik hoberenak, eta estrategiako jokaldi batetan, Lakun kartel pegatzaile profesionalak, urrunetik egindako jaurtiketa bortitz batekin eskuadrako armiarma sareak kendu zituen 2-1ekoa ezarriz. Bi minutu falta ziren eta durangotarrek atezain jokalariarekin saiatu ziren, Laskorainek ongi defendatu zuen, baina etxekoentzat aldekoa zen alboko sake batetan baloia galdu eta ezin hobeto egindako kontraeraso batetan bigarren gola sartzea lortu zuen talde bisitariak, amaierako 2-2ko emaitza utziaz.

Lanean jarraitzeko gogoarekin atera ziren Usabal kiroldegitik Aitor eta Javi prestatzaileak, Endika, Gil, Murgi, Lakun eta Zumeta titularrak, Iker, Alonso, Etxebe, Mendi, Manso, Josu eta Joniko jokalariak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!