Oso parekatua hasi zen norgehiagoka, bi taldeek izan zuten baloiaren jabetza, erasoaldi onak sortuaz, eta hauetako bat aprobetxatuaz Laskorainek arratsaldeko lehenengo gola sartu zuen. Atzetik hasitako jokaldi batean, baloia Jonikoren oinetara iritsi zen, aurkako aldean Lakun bakarrik zegoela ikusi eta pase ona eman ostean, honek urrutiko jaurtiketa gogor batekin etxeko taldearen atea zulatu zuen. Talde horitxoa partiduaren jabe egingo zela ematen zuen, baina Inter taldea ez zen kokildu eta alboko sake batetik hasi zen jokaldi batean urrutiko beste jaurtiketa batekin banakoa jarri zuen markagailuan. Gol honek etxeko taldea animoz bete zuen eta honela, baloia azkar mugitutako jokaldi batean lehenengo eta kontraerasoko beste jokaldi batean bi gol eginaz 3-1 aurretik jartzea lortu zuen. Maldan gora jarri zitzaion partidua Laskoraini, baina atsedenaldiaren aurretik, aurkariaren atea inguruan presio on bat eginda, Arkaitz "break dancer"-ak baloia bikain lapurtu eta Zumeta "loving you"-ri pasea eman ondoren atezainaren aurrean bakarrik utzi zuen, honek, atezaina gainditu eta 3-2-koa jarri zuen markagailuan.
Atsedenaldia eta gero Laskorain partiduaren bila joateko asmoarekin atera zen kantxara, aurkariaren aldean eginiko presioarekin horitxoen minuturik hoberenak ikusi ziren, baina aldentzea lortu ez zuen baloi bat aprobetxatuaz Interrek bere laugarren gola sartzea lortu zuen. Denbora aurrera zihoan eta markagailuak bere horretan jarraitzen zuen, Laskorain taldeak arrisku handirik sortzen ez zuela ikustean, larunbat gauean aluminiozko takoekin atera zen Aitor entrenatzaileak atezain jokalaria ateratzeko erabakia hartu zuen bost minutu faltan. Honela, taldeak baloia bikain mugitutako jokaldi batean markagailuko aldea murriztea lortu zuen, Zumeta izan zen beste behin golegile. Erasoan jarraitu zuten horitxoek, baina etxeko taldeak lan ona egin zuen defentsan eta ez zuen arrisku handirik sortzea lortu azken segundoetara arte. Partidua amaitzen ari zela hamar metrotatik jaurtitzeko abagunea izan zuen Laskorainek, baina ez zuen asmatu eta partidua 4-3ko azken emaitzarekin amaitu zen.
Larunbat arratsaldean Donostian, Javi delegatua, Aitor entrenatzailea, Endika, Alonso, Murgi, Gil, Zumeta -haserako bostekoa-, Aratz, Beñat, Etxebe, Manso, Lakun, Arkaitz eta Joniko ziren protagonistak.
Asier Etxeberria